Presidentegaien hutsak betetzen

Debatea egin dute bart presidenteorde izateko hautagaiek AEBetan; bozak ez ezik, bakoitzaren ibilbide politikoa dute buruanInkestek Obamari ematen zioten abantaila nabarmen txikitu da, baina aurretik doa

Samara Velte.
2012ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Nahikoa oihartzun izan zuen urriaren 3an Barack Obama eta Mitt Romney presidentegaiak aurrez aurre jarri zituen eztabaidak. Obama gaizki aritu zela, eta ordutik Romneyk haizea alde izan duela da hedabideetan gehien zabaldu den bertsioa; interesa mantentzeko beharrezko bertsioa, izan ere. Itxura du hauteskunde egunerako falta diren 25 egunetan gertaera txikiena ere erabakigarria izango dela azaroaren 6ko bozketan demokratak edo errepublikanoak garaile irtengo diren erabakitzeko. Bide horretan, funtsezkotzat daukate bart gauean Obamaren eta Romneyren ondorengoek, presidenteorde izateko hautagaiek, egindako eztabaida saioa. Alderdi Demokratatik, Obamarekin orain arte ere presidenteorde lanetan jardun duen Joe Biden; eta, Mitt Romneyren aldetik, Paul Ryan errepublikanoa. Euskal Herrian goizaldea zela egin dute debatea, Danvillen (Kentucky); Martha Raddatz ABC kateko nazioarteko albisteen buruak egin dizkie galderak. Gaitegian barneko zein kanpoko politikako gaiak sar zitezkeen, eta bietan dute zer esana presidenteorde izateko hautagaiek: Romneyren kanpainan presentzia handia izan dute Ryanek proposatutako murrizketa ekonomikoek, gehienetan haren kalterako.

John Adams AEBetako bigarren presidenteak «gizonak asmatutako edo irudikatutako lanbiderik hutsalena» deitu zuenagatik dabiltza lehian Biden eta Ryan. Eta egia da azaroaren 6an botoa ematera doanean inor gutxik izango duela buruan presidenteordea ere aukeratuko duela. Baina ez dago hor borrokaren arrazoi nagusia.

Alde batetik, presidentegaiak heldu ez diren txokoetara heltzeko ardura dute haien ondokoek. Bidenek ez du alferrik Obamaren kontrako irudia ematen: helduagoa eta zuria da, eta ez du Obamari egozten dioten hizkera intelektual eta elitistarik; aitzitik, emozio handiko hitzaldiak izaten dira harenak —ikusle bat baino gehiago utzi zuen malkotan 2008an, Sarah Palinekin izandako aurrez aurrekoan, emazteaz eta alabaz, istripu batean hil baitziren, mintzatu zenean—. Ryanek, ostera, Romneyk konbentzitu ez dituen boto-emaile gazteagoak ditu jomugan, 30 eta 50 urte artekoak.

Barteko emaitzen arabera, euren alderdiko hautagaiari joko zelaia leundu eta euren etorkizun profesionala ere bideratu dezakete 2012tik haratago. Ryanek eta Bidenek 2016a ere badaukate-eta buruan: Obamak bozak bigarrengoz irabazten baditu, urte horretan norbaiti eman beharko dio lekukoa ezinbestean, eta Romney ere ez da berriz aurkeztuko, baldin eta hauteskunde hauek galtzen baditu.

Oraingoz, kanpainari bultzada ematen lagunduko dutela da alderdi bakoitzak bere presidenteordearengan daukan esperantza. Ryanek hanka gehiegi sartzen ez badu, Romneyren mesedetako boladari eutsiko dio; eta Bidenek ere lagundu dezake boto-emaileek alderdi demokrataz duten irudia hobetzen, Obamak aurreko debatean erakutsitako jarrera hotzaz beste.

Inkestetan, Romney aurrera

Lur gero eta labainagoetan irristaka dabiltza hautagaiak, botoa emateko eguna gerturatuz doan neurrian. Herritar gehienek erabakita daukate botoa nori eman, eta geroz eta gutxiago dira konbentzitzeko moduko zalantzatiak. Haatik, horiexek izango dira Etxe Zuriak zein kolore hartuko duen erabakiko dutenak, lehia oso estu baitabil swing states deituriko estatu erabakigarrietan.

Aurreko asteko debatea izan arte, Obama alde handi samarraz zihoan aurretik; bederatzi puntuko tartea zegoen hautagai batetik bestera. Eztabaida saioaren osteko inkesta berrienek egoera dezente aldatu dela erakusten dute, ordea. Nazioko hiru inkesta nagusietako bik Romneyri ematen diote orain garaipena —batek puntu batengatik eta besteak bostengatik—; Gallup agentziaren arabera, pareko daude bi hautagaiak.

Izan ere, debatearen ostean, funtsezko diren hainbat kolektibotako zalantzatien arreta bereganatu du Romneyk; esaterako, emakumezko boto-emaileen artean. Eztabaidak agian ez zuen herritar askoren iritzia aldatuko, baina boto-emaileek Romneyz zuten irudia hobetzeko balio izan du.

Noren alde egingo duten argi ez dagoen estatu erabakigarrietan, ordea, Obamak oraindik ez du nagusitasunik galdu. Floridan egindako hiru galdeketatik batek Romneyren garaipena iragartzen du, baina besteek Obama ikusten dute garaile: botoen %49 ematen dizkiote, eta Romneyri %45 eta %46 artean. Duela astebete, ordea, alde handiagoa iragartzen zuten: %53 Obamarentzat, eta %44 Romneyrentzat. Galdeketen arabera, Virginiak eta Ohiok ere Obamaren alde jarraitzen dute, baina tarte askoz justuagoz: Ohion, esaterako, Romneyrekiko zeukan tartea sei puntutik bakarrera jaitsi da.

Obamaren gau txarra

Hedabideek Romney jo zuten lehen eztabaida saioko garailetzat; Obama baino txukunago aritu zela nabarmendu zuten, hura oso hotz agertu zelako. «Gau txarra» pasatu zuela esan du presidenteak gerora bere alde, eta hau gaineratu: «Garrantzitsuena da lasterketa honen oinarriak ez direla aldatu». Funtsezko gaiei helduko diete presidentetzarako hautagaiek gelditzen zaizkien bi eztabaidetan: asteartean izango da bat, New Yorken, eta hilaren 22an bestea, Floridan. Aurreko saioan barne politikaz baino ez ziren aritu; hemendik aurrerakoetan, atzerri gaiak ere sartuko dituzte.

Obamak alde ditu berriki argitaratutako indize ekonomikoak: 2009az geroztik, langabezia ez da sekula joan den irailean bezainbeste jaitsi. Abuztuan %8,1ean zegoen tasa hori, eta irailean %7,8ra jaitsi da; 114.000 pertsonak topatu dute lana —horietatikhamar milak, administrazioarentzako postuetan—. «Nazioa aurrera doan seinale» gisa ikusi du hori Obamak; Romneyrentzat, «%7,8ko langabeziak ez du susperraldi baten antzik». Kritikoenek ohartarazi dute behargin horietako askok lanpostu murriztua dutela.

Atzerri eta osasun politikek ere pisu handia izango dute datozen asteotan presidentetzarakolehian. Irail hasieran, AEBen Libiako eta Egiptoko enbaxadetan erasoa izan ostean, Romneyk ez zuen lagun askorik irabazi Obamaren gobernuari eraso haiek babestea leporatu zionean. Eta aste honetan, nahasmena sortu dute berak eta Ryanek abortuari buruz egindako adierazpen kontraesankorrek; abortua debekatzeko neurririk ez duela hartuko zioen batek, kontrakoa besteak. Azkenean, debekuaren aldeko jarrera nagusitu da. Baina botoak labainak dira, eta hautagaiek ongi dakite ez dela zalantzan ibiltzeko garaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.