Kataluniako Parlamentuko Mahaiak ez die jaramonik egin Ciutadansen eta Espainiako Gobernuaren mehatxuei, eta erabaki du 11 puntuko gai zerrendan sartzea Presidentetza Legearen erreforma. Kataluniako hedabideen arabera, biharko saioan eztabaidatu eta bozkatuko dute.
Carles Puigdemont presidente inbestitzeko azken ahalegintzat interpretatu da legea aldatzeko aukera parlamentura eramatea. Ciutadansek errana du halakorik eginez gero, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera joko duela erabaki horren kontra. Espainiako Gobernuak bihar du Ministroen Kontseilua, eta litekeena da hark ere Konstituzionalera jotzea. Auzitegiak eskaera tramiterako onartuko balu, legea behin-behinean baliorik gabe utziko luke.
Puigdemont etzi elkartzekoa da JxC Junts Per Catalunyako ordezkariekin Berlinen. Elsa Artadi zerrendaren bozeramailea presidentegai aurkezteari babesa eman dio Jordi Sanchez JxCko bigarrenak, eta ERC Esquerra Republicanak adierazi du aukera egokia irudituko litzaiokeela. Hilaren 22ra arteko epea dute presidente bat izendatu eta gobernua osatzeko, bertzela hauteskundeetara deituko dute berriz ere.