HONDURAS

Presidentetzarako bozak egingo dituzte gaur

Bi hautagai nagusiek mara taldeek eragindako indarkeriaren aurkako neurriak iragarri dituzte

Erredakzioa
2005eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Ia lau milioi hauteslek presidentea, presidenteordea, kongresurako 128 ordezkari eta 298 alkate aukeratu behar dituzte gaur Hondurasen. Hauteskundeak gainbegiratzeko bertako hamar mila ikuskatzaile eta hamabost herrialdetako 80 atzerritar egongo dira.

Ricardo Maduro presidentea ordezkatzeko bi hautagai faborito daude. PN Alderdi Nazionaleko Porfirio Lobo Sosa eta PL Alderdi Liberaleko Manuel Zelaya. Batez beste sei puntu gehiago dauzka Lobok Zelayak baino. Antza denez, alderdi txikienek ez dute ia babesik jasoko. Kanpainan zehar astelehenean amaitu zen indarkeria izan dute hizpide nagusi bi hautagaiek. Maren gaztez osatutako taldeak hartzen duten izena aurkako neurriak hartuko dituztela zin egin dute biek. Alderdi Nazionalistako hautagaiak heriotza zigorra berriro ezartzeko proposamena egin zuen. Alderdi Liberaleko hautagaiak, berriz, bizi arteko kartzela zigorraren aldeko jarrera agertu zuen. Ameriketako herrialde txiroenetakoa da Honduras. Pobrezia, langabezia eta ustelkeriaren gainetik, hala ere, segurtasun falta da arazo larriena. Zelayak, indarkeriari aurre egiteko neurriak hartuko dituela esateaz gain, oinarrizko produktuen eta erregaien salneurria jaitsi egingo duela eta bere agintaldian 400.000 lanpostu sortuko dituela zin egin zuen.Honduraseko biztanleak nekatuta daude kanpainan zehar politikariek egiten dituzten promesekin. Ricardo Madurok, gaur arte presidentea izan denak, ez baititu agindutakoak bete. 2002. urteko urtarrilean bozak irabazi aurretik, indarkeriari amaiera emango ziola zin egin zien hondurastarrei Madurok. Baita pobreziaren aurka lan egingo zuela eta ustelkeriari aurre egingo ziola ere. Errepresio politika abian jarri zuen arren, segurtasuna arazo larria da oraindik ere. Agintaldian zehar erantzuleak zigortu gabeko 3.000 hilketa izan dira. 2005. urteko urtarriletik urrira bitartean 359 lagun hil dira indarkeriaren ondorioz. Madurok inflazioa kontrolatzeko ahalegina egin badu ere, handia da herrialdean dagoen pobrezia. Ameriketako herrialde txiroena da Haiti eta Nikaraguaren atzetik.

Maren mehatxua

Mara izeneko gazteen taldeen arazoari aurre egiteko bidea ez dela inolaz ere errepresioa uste dute gobernuz kanpoko erakundeek eta adituek. FOSDEH Kanpo Zorraren eta Honduraseko Garapenaren Gizarte Foroaren hitzetan marak arazo larria badira ere «pilatutako ondorio bat da eta ez herrialdeak bizi duen krisiaren arrazoia». Jose Manuel Capellin Batasun Etxea taldeko kidea da eta arrisku egoeran dauden gazteekin egiten du lan. Maduroren sistema errepresiboak, bere hitzetan, ez du ezertarako balio izan: «Ez indarkeriarekin amaitzeko ez eta haur eta gazteen hilketekin bukatzeko.

Gaurko hauteskundeei begira mara talde horiek hainbat ekintza burutu behar dituztelako zurrumurruak zabaldu dira. Horren aurrean segurtasuna bermatzeko ardura izango du Armadak. Presidenteak azalduz zuenez, poliziek 24 orduz lan egingo dute hondurastarrek segurtasun osoa izan dezaten boza ematera «inongo beldurrik gabe» joan ahal izateko.

Gamma ekaitz tropikalak eragindako kaltea, bestetik, gogoan dute herritarrek. Orotara 34 pertsonaren heriotza eragin zuen ekaitzak. Hala ere, presidentearen esanetan eguraldiak azken hilabeteetan azpiegituretan eragindako kalteek ez dute gaurko bozketa oztopatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.