KIRGIZISTANGO KRISI POLITIKOA

Presidentetzarako bozak ekainean egitea erabaki du Legebiltzarrak

Agintariek ordena berriz ezarriko dutela hitzeman dute gauean, protestetan, bi pertsona hil ondoren

Erredakzioa
2005eko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Kirgizistango Legebiltzarrak datorren ekainaren 26erako finkatu zituen atzo herrialdeko lehendakaritzarako hauteskundeak. Askar Akaiev presidentea agintetik bota zuten ostegunean herritarrek bere egoitza hartuta. Kurmanbek Bakievek behin-behineko presidenteak legebiltzarrak izendatu zuen karguan bozetan lehiatuko dela jakinarazi zuen atzo. Felix Kulov lehen ministro ohiak ere hauteskundeetan parte hartuko duela iragarri zuen preso zegoen oposizioko burua eta herritarrek askatu zuten. Agintari berriek egoera normaltasunera bueltaraziko dutela hitzeman zuten, azken egunotako protesta eta borrokei amaiera emanez. Herenegun ezarri zuten larrialdi egoera bertan behera utzi zuten atzo. Protestetan bi pertsona hil ziren ostiraletik larunbaterako gauean.

Kirgizistango Auzitegi Gorenak iragan otsailaren 27a eta martxoaren 13ko hauteskundeak baliogabekotzat jo ondoren, oraindik jardunean den aurreko parlamentuak finkatu ditu lehendakaritzako bozen eguna.Kurmanbek Bakiev behin-behineko presidenteak gobernukide berri batzuen izenak jakitera eman zituen. Barne ministro Maktybek Abdyladaiev izango da eta Ismail Issakov Defentsa ministro. Felix Kulov oposizioko burua, berriz, segurtasun indar guztien arduradun gorena izango da. Herritarrek joan den ostegunean askatu zuten oposizioko burua.Kulovek hitzeman zuen agintari berriak ahalegin guztiak egiten ari direla egoera normaltasunera bueltatu arazteko. Bishkek hiriburuko biztanleei, ildo horretan, segurtasun indarrek protestak geldiarazteko aginduak dituztela jakinarazi zien. Saltokien lapurretak galarazteko, esaterako, poliziek airera tiro egiteko baimena jaso dute. Ostegunaz geroztik, baina, hiru pertsona hil eta beste 173 zauritu dira borroketan herenegun larrialdi egoera ezarri zuten.Askar Akaiev aurreko presidentearen sostengatzaileek hiriburuan protesta bat egiteko asmoa bertan behera utzi zuten parte hartzea «eskasa» izan zelako Kuloven arabera: «Kilometro batzuk egin ondoren, gelditu dira».

Errusia, elkarlanerako prest

Akaiev bera, aldiz, Errusiara ihes eginda zegoela zioten atzo, egiaztatuak izan ez ziren informazioak. Alabaina, herritarrei, hedabideen bitartez, zuzendutako mezu batean, bere kargua ez duela utzi aldarrikatu zuen herenegun Akaievek. Oposizioak «estatu kolpe bat» eman zuela salatu zuen.

Agintari berriek, aldiz, nahi izanez gero herrialdera bueltatzen ahal dela eta ez dutela bere kontrako auzibiderik irekiko asmorik jakinarazi zioten Akaievi.Errusiako presidente Vladimir Putinek, bere aldetik, Akaievi babesa emateko prest dagoela adierazi zuen atzo. Herritarrek agintetik botatako mandatariaren «ahultasuna» nabarmendu ostean, gatazkak izandako «legez kanpoko» amaiera deitoratu zuen, baina, Putinek.Putinek, hala eta guztiz ere, agintari berriekin harremanakabiatzeko asmoak zituela gaineratu zuen: «Kirgizistango agintari berriak ezagutzen ditugu eta badakigu gure herrialdeen arteko harremanak sendoak bideratzeko gaitasuna dutela».Errusiak base militar bat du Kirgizistanen AEB Ameriketako Estatu Batuek ere bai.

-

ASIA ERDIALDEA



 

Krisia zabaltzearen beldur





Kirgizistanen gertatutakoak kezkatuta utzi ditu Sobiet Batasun ohiaren desegitetik eratu ziren Asia erdialdeko herrialde burujabe gehienetako agintariak. Kirgizistango herritarrek euren agintarien kontra abiatutako protesten sorburu berdintsuak aurki daitezke, ildo horretan, Kazakhstan, Tadjikistan, Turkmenistan edo Uzbekistanen ere. Herrialde hauetan guztietan,aurretik komunistak ziren agintariek gero eta botere gehiago eskuratu dute eta bozak egiten badira ere, iruzurrak izaten direla agerian uzten dute presidenteak eta haren aldeko indarrek eskuratzen dituzten boto emaitzek. Aginte ez demokratikoak eta sarritan diktatoriala egoteaz gain, herritar gehienak muturreko pobrezian bizi dira.

Josep Stalin Sobiet Batasuneko diktadoreak finkatutako mugak ere arazo iturri dira, hauek lurralde esparruak aintzat hartu gabe egin baitziren. Herrialdeok, baina, oso leku estrategikoan daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.