Hondamendia Japonian

Presioak gora egin du Fukushimako hirugarren erreaktorean, eta langileak atera dituzte

Dagoeneko 21.000tik gora dira hildakoak eta desagertutakoak. Naoto Kan lehen ministroak esan du zentralean egoera hobetzen ari dela, "poliki baina etenik gabe".

2011ko martxoaren 21a
19:38
Entzun

Japoniako Energia Nuklearraren Agentziak ohartarazi duenez, presioa handitzen ari da Fukushimako zentraleko hirugarren erreaktorean, eta liteekena da jaits dadin "haizeztatu" behar izatea. Gainera, gaur goizean kea atera da erreaktore horretatik, eta langileak zentraletik atera dituzte, NHK telebistak jakinarazi duenez. 

Hirugarren eta laugarren erreaktoreetan ura botatzen hasi dira berriro, eta dagoeneko 3.700 tona itsas ur bota dituztela jakinarazi dute, tenperatura jaitsi eta nukleoaren fusioa eragozteko. Kea zergatik atera den aztertzen ari dira orain.

Gainerako erreaktoreak, berriz, egonkortu egin dira asteburuan, eta erradiazioaren kontrol sistema eta hozte sistemak abiaraztea lortu dute berriro. Naoto Kan lehen ministroak esan du zentralean egoera hobetzen ari dela, "poliki baina etenik gabe". Bosgarren eta seigarren erreaktoreetan argindarra badago jada, baina, hala ere, gelditu egin dituzte. Orain soilik hirugarren eta laugarren erreaktoreetan falta da argindarra.

Japoniako Poliziak esan duenez, 8.649 dira hildakoak eta 12.877 desagertutakoak, joan den martxoaren 11z geroztik. Hildako gehienak Miyagiko prefekturakoak dira. Horren ondoren, Iwate eta Fukushima lurraldeetan egin dute kalte gehien lurrikarak eta tsunamiak. 3.550 dira identifikatutako hildakoak. Desagertutakoen inguruan, Poliziak dio litekeena dela gehienak bizirik egotea, babeslekuetan gordeta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.