Ekialde Hurbila. Palestinarren geroa, NBEn

Presioak presio, Abbasek estatua eskatuko du NBEn

PANeko presidenteak hitzaldia emango du gaur Batzar Nagusian, eta eskaria igorriko dio Segurtasun KontseiluariIsraelek alerta goreneko egoera ezarri du, «liskarrak sortzen badira haiei aurre egiteko»

Jon Fernandez.
2011ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Gutxitan piztu ditu hitzaldi batek hainbeste itxaropen eta beldur. Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian mintzatuko da gaur Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidentea, eta azken orduko ezusterik ezean, Palestina eskubide osoko estatu gisa aitortzeko eskaria egingo du. Jarraian, gutun bidez emango dio eskaria Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiari, hark Segurtasun Kontseiluari igor diezaion, horrek baitu erabaki eskumena. Israelek alerta goreneko egoera ezarri du gaur hasi eta hiru asterako, «liskarrak sortzen badira haiei aurre egiteko».

Joan den ostiralean iragarri zuen Abbasek Ramalan estatus gorena eskatuko zuela gaur New Yorken eta pauso bat ere ez zuela atzera emango. «Estatu bat behar dugu. Sinplea da kontua. Aulki bat behar dugu NBEn», esan zuen. Abbasen erabakitasunak itxaropena piztu zuen palestinarrengan, Hamas kontra agertu arren; Israelek eta AEBek, ostera, urduri eta beldurrez hartu zuten berria. Aste honetan Ekialde Hurbilerako Laukoteak —AEB, EB, Errusia eta NBE— hamaika bilera eta ahalegin egin du Abbasi NBErako bidea oztopatu eta PAN eta Israel berriz ere negoziazioetara bultzatzeko. Oraingoz, ordea, ez dute lortu.

Hala ere, badirudi nazioarteko presioak eragin dezakeela Abbasengan. Obamarekin bildu zen atzo, eta hark jakinarazi zion eskaria Segurtasun Kontseilura iritsiz gero AEBek beto eskubidea erabiliko dutela hura atzera botatzeko. Obamaren hitzen ostean, esperantzatik frustraziorako bidea egin dute palestinarrek, eta urduritasunetik pozera, aldiz, israeldarrek. Hala, gaurko hitzaldiaren tonua leundu eta Segurtasun Kontseiluari erabakia hartzeko «denbora» emango diotela iragarri zuen atzo Nabil Saath PANeko negoziazio arduradunak. Ordu batzuk geroago Jaser Abed Rabo PAE Palestina Askatzeko Erakundeko idazkari nagusiak ukatu egin zuen horrelakorik. «Abbasek ez du bozketa atzeratzerik eskatuko».

NBEko Segurtasun Kontseiluak erabakitzen du zein estatu onartu eta zein ez. Hamabost kidek osatzen dute kontseilua, eta beto eskubidea dute bostek—AEB, Erresuma Batua, Errusia, Frantzia eta Txina—. Estatu berri bat onartzeko, beharrezkoa da gutxienez bederatzi kideren babesa lortzea, eta inork betorik ez jartzea. Behin estatu berria onartuta, NBEko Batzar Nagusiak berretsi behar luke erabakia, ganberako bi herenen babesa gaindituz. Palestinarrek oraindik ez dituzte lortu kontseiluko bederatzi babesak, baina horretarako lanean ari dira, Obama agerian uzteko. Etxe Zuriak, hain justu, kosta ahala kosta saihestu nahi du Segurtasun Kontseiluaren bozketa. Betoa erabiliz gero, agerian geratuko litzateke herrialde arabiarren aurrean; erabiliko ez balu, aldiz, komunitate juduaren babesa galduko luke 2012ko hauteskundeetan.

Estatu izatearen balioa

Egun, erakunde behatzaile maila du PAEk NBEn, eta egoera konpontzeko, palestinarren maila igotzea proposatu du Frantziak, Segurtasun Kontseilutik pasatu gabe. Nahi izanez gero, zuzenean Batzar Nagusira jo dezake PANek, eta kide ez den estatu behatzaile gisa aitortzeko eskatu —Vatikanoak maila horixe du—.

Horrek, NBEko kidez izan ez arren, estatu aitortza emango lioke 1967ko mugen barruko Palestinari —Gaza, Jerusalem ekialdea eta Zisjordania—, eta, besteak beste, Israel gerra krimenengatik salatu ahal izango luke Hagako Nazioarteko Zigor Auzitegian. Momentuan, PANek baztertu egin du bide hori, eskubide osoko estatu kide izan nahi baitu. Dena den, Laukoteak ez du gustuko aukera hori ere; negoziazioetara behartu nahi ditu Israel eta PAN.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.