Katalunia

Preso independentistak Kataluniara bidean dira, Madril utzita

Oriol Junqueras, Raul Romeva, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart Zaragozako Zuera espetxera eramango dituzte gaur, eta handik Kataluniako Sant Joan de Vilatorradako presondegira lekualdatuko dituzte, etzi.

Quim Torra Kataluniako presidentea (erdian), Estremerako espetxetik irteten (Madril), Oriol Junqerasi eta Raul Romevari bisita egin ostean. FERNANDO VILLAR, EFE
2018ko uztailaren 3a
16:05
Entzun

Guztira, 22 preso irten dira furgoi batean Madrilgo Valemoro espetxetik, 10:15ak aldera. Horien artean ziren Oriol Junqueras, Raul Romeva eta Jordi Sanchez parlamentari independentistak eta Jordi Cuixart Omiun Cultural elkarteko presidetea. Laurak Valdemoron elkartu zituzten atzo gauean, gaur goizean lekualdatzea hasteko —Junqueras eta Romeva Estremera kartzelan zeuden, eta Soto del Realen ziren Sanchez eta Cuixart—.

Aldiz, Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohiak eta Dolors Bassa Generalitateko kontseilari ohiak ez dute hasi oraindik Kataluniarako bidea. Bihar, Figueresko espetxera eramango dituzte —Bartzelonatik 130 kilometrora—.

Junquerasek, Romevak, Sanchezek eta Cuixartek Zaragozako Zuera espetxean (Aragoi, Espainia) pasatuko dute gaurko gaua, eta, bihar, Bartzelonako Can Brians kartzelara eramango dituzte. Presoen lekualdatzea Mossos d'Esquadraren gain utziko du orduan Guardia Zibilak. Lau presoak Sant Joan de Vilatorradako presondegira eramango dituzte mossoek —Bartzelona hiriburutik 50 bat kilometrora—, eta bertan egingo dute asteazken gaua, ziurrenik. Ostegunean iritsiko dira Sant Joan de Vilatorradara.

Kataluniako Justizia Kontseilaritzak hartu du presoen gaineko ardura, presondegien kudeaketa Kataluniako Gobernuari baitagokio, eta eskumen hori berreskuratu baitu joan den hilean autonomia berrezarri ondoren.

Joaquim Forn, Jordi Turull eta Josep Rull Generalitateko kontseilari ohiak ere Kataluniako espetxe batera lekualdatzeko eskaria aurkeztu dute, eta gaur jakingo dute beren eskariak onartzen dituzten ala ez. Llarenak Estremerako espetxe zuzendaritzari jakinarazi dio ez dagoela arrazoirik hiru presoak espetxe jakin batean mantentzeko. Llarenak adierazi du hiru preso horien lekualdatzeari buruzko erabakiak Espetxe Zuzendaritza Nagusiaren irizpideen araberakoa izan behar duela.

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak adierazia du Kataluniako auziarekin aurreko gobernuaren bestelako jarrera bat hartu nahi duela, nahiz eta proposamen zehatzik ez duen egin oraindik. Tentsioa baretzea da haren helburuetako bat, eta joan den hilaren 18an esan zuen "arrazoizkoa" iruditzen zitzaiola presoak Kataluniara eramatea matxinada auziaren instrukzioa bukatu ondoren. Auzitegi Goreneko epaile Pablo Llarenak joan den astean jakinarazi zion gobernuari ez zuela diligentzia gehiago aginduko. Hala, bide eman zion presoak Kataluniara lekualdatzeko aukerari.

Sanchez heldu den astelehenean elkartuko da lehenbiziko aldiz Quim Torra Kataluniako presidentearekin.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.