Abdullah Ocalan PKK Kurdistango Langileen Alderdiko buruzagiari ezarritako bakartze egoera amaitzea eskatzeko, gose greban dira ehunka preso kurdu, eta lehen heriotza utzi du dagoeneko borroka horrek. Zülküf Gezen preso kurdua hil egin zen larunbat gauean, ANF News berri agentzia kurduak jakinarazi duenez. Turkiako Tekirdag espetxean zuten preso Gezen —agentzia kurduaren arabera, kartzela horretan hil den lehen preso kurdua da—, duela 12 urtetik, eta bizi osorako zigorra zeukan. Gose greban dauden ehunka presoetatik bat zen.
Atzo gauean irten zen gorpua Ataturkeko aireportutik, jendetza baten protesta artean, eta familiak ikusi ahal izan gabe. HDPko diputatu Ayse Acar Basaranek salatu zuen "poliziak bahituta" zeukala Gezenen gorpua. ANFk zabaldutako irudietan ikus daitekeenez, ehunka polizia zeuden aireportuan. Gorpua Diyarbakirreko Amed hirira eraman zuten handik.
Zülküf Gezen preso kurdua, artxiboko irudian. ANF News
Leyla Guven HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko diputatuak hasi zuen gose greba mugagabea joan den azaroaren 8an, Diyarbakirgo kartzelan. 129 egun daramatza dagoeneko, eta osasun egoera larrian dago. Turkiak Abdullah Ocalan PKK Kurdistango Langileen Alderdiko buruzagiari ezarritako bakartze egoera amaitu dezala eskatzen du, eta beste preso kurdu ugarik jarraitu diote.
Ocalan orain dela hogei urte atxilotu zuten, eta segurtasun handiko presondegi batean dago preso, Imrali uhartean. Bakartuta egin ditu urte horiek guztiak. 2011ko uztailetik ezin izan da bere abokatuekin elkartu, eta 2016ko irailetik ezin izan ditu bere senideak ikusi.