Ekialde Hurbila

Preso palestinarrak aske uzteko exijitu du PANek Powellekin izan duten bileran

AEBetako jarduneko Estatu idazkaria, Colin Powell, Ekialde Hurbilean da israeldarren eta palestinarren arteko bake prozesua bultzatzen saiatzeko. Israelgo lehen ministro Ariel Sharonekin eta Atzerri ministro Silvan Shalomekin batzartu ondoren, PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buruekin bildu da gaur goizean. Israelek preso palestinarrak aske utz ditzala exijitu du PANek bilera horretan.

2004ko azaroaren 22a
12:56
Entzun
"[Kolono juduen] kokaguneen zabalkundeari buruz, banaketa hesiaren inguruan eta preso palestinarren askatzearen gainean aritu gara, hori oso gai garrantzitsua baita palestinarrontzat", adierazi du bileraren ondoren PANeko Atzerri ministro Nabil Shaatek. Ez du zehaztu ordea, presoen aferan Maruan Bargutiren afera aipatu duten. Al Fatako Zisjordaniako idazkari nagusia da Barguti, israeldarrek preso daukate, baina palestinarren artean Arafaten oinordeko izateko babes handienetakoa duen buruzagia da.

PANeko arduradunekin elkarrizketatu ostean, Powellek ez du adierazpenik egin. Bai, ordea, Israelgo lehen ministro Ariel Sharon eta Atzerri ministro Silvan Shalomekin batzartu ostean. Hain zuzen ere, Arafat hil eta gero "bake aukera berri bat" zabaldu dela iritzi dio AEBetako jarduneko Estatu idazkariak, baina aukera hori irekitzeko palestinarren "terrorismoa gaitzetsi" behar dutela azpimarratu du. "Aro berri honetan benetan behar duguna palestinarrek terrorismoa gaiztestea da", esan du AEBetako jarduneko Estatu idazkariak Sharonekin eta Shalomekin batzarrak egin ostean. Gaitzespenez gain, palestinarren indarkeriaren aldeko deiak eten behar dituztela gaineratu du Powellek, eta ahalegin guztiak egin su-eten bat gauzatzeko.

Ildo horretatik, Arafat hil ondoren George Bush AEBetako lehendakariak palestinarren eta israeldarren arteko gatazka konpontzeko erabaki sendoa hartu duela adierazi du. "Orain lehentasuna palestinarrek hauteskundeak egitea da", azpimarratu du eta Israelgo Gobernuak prozesu horretan laguntzako prestutasuna agertu diola esan du.

Powellen hitzak berretsi ditu Silvan Shalom Israelgo Atzerri ministroak: "Israelek bere esku dagoen guztia egingo du palestinarrek hauteskundeak egin ditzaten".Boz horiei begira badago gainera Israelek zuzen-zuzenean eragingo duen auzi bat, Jerusalem ekialdia haien mende baitago eta palestinarrak baitira hango bizilagun gehienak. Ildo horretatik, palestinar horiek posta bidez bozkatzeko aukera aipatu du Shalomek. "1996ean palestinarrek ez zuten Jerusalemen eman botoa, baizik eta posta bidez bozkatu. Gai hori konpontzeko irtenbide baten bila gabiltza", agertu du.

Behin Arafat hil da, orain arazoa Hezbola, Siria eta Iran direla adierazi du Israelgo Atzerri ministroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.