Preso palestinarren talde batek gaur ohartarazi du Israelgo Gobernuarekin gose greba bertan behera uzteko egindako akordioak ez duela bermatzen Israelek atxiloketa administratiboarekin edo kargurik gabeko atxilotzearekin amaituko duela. Hala jaso du gaur Maan berri agentziak.
Kaddura Fares presoen bozeramaileak azaldu du akordioa "garaipena bat" bada ere, ez duela "behar adina argitzen" atxiloketen politika. Faresek salatu du hitzarmenak gobernuari ahalbidetzen diola kargurik gabe atxilotutakoak gutxienez sei hilabeterako espetxeratzea.
Akordioaren bitartez, bost preso berehala aske utziko ditu Israelek, eta seigarren bat aske uzteko negoziatzen ari dira. Gainera, 322 presoen atxiloketa administratiboa baliogabetzeko konpromisoa hartu du gobernuak.
Horren inguruan Faresek esan du: "Nola frogatu ahal izango dugu informazio hori? Ezin gara ziur egon".
Bide beretik hitz egin du Addameer preso palestinarren eskubideen defentsarako taldeak. Haren arabera, atxiloketa administratiboak "Nazioarteko Zuzenbidearen urraketa garbiak" dira.