Preso politikoak askatzea eta alderdiak legeztatzea erabaki du Gobernuak

Ben Aliren RDC alderdia deuseztatu eta haren ondasunak konfiskatu ditu batasun nazionaleko trantsizioko gobernuakMinistroek lehen bilera egin dute; dimisioa eman du diktadorearen ministro batek

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Tunisiatik albisteak bata bestearen atzetik datoz, egoera aldakorraren seinale. Mohammed Ganutxi jarduneko lehen ministroak gidaturik, lehen bilera egin zuen atzo batasun nazionaleko gobernuak, eta preso politikoak askatzeko lege proiektua onartu zuten —Parlamentuak onartu beharko luke ondoren—. Alderdi guztiak legeztatzea ere onartu dute. Gobernu berriaren irekitasuna erakusteko hartu dituzte neurriok, baina ez dira bakarrak izan. Zine El Abidine Ben Aliren gobernuan ministro izan ziren guztiek utzi dute diktadurari eutsi zion alderdia —RCD, Batzar Konstituzional Demokratikoa—, behin-behineko gobernuan aritzeko; alderdiko ondasunak ere konfiskatu egin dituzte.

Beraz, Fuad Mebaza jarduneko presidenteak eta lehen ministroak berak trantsizioko egitura sortzerakoan alderdia uzteko erabakiari jarraitu diote gainerakoek, lehen ministroak gobernu berriari eusteko modua hori dela uste duelako. Herritarrek ere ez dute erregimenaren zantzurik nahi gobernu berrian.

Zuheir M'Daffar izan da Ben Aliren aldekoetan ministroen kargua uzten lehena; «herriaren onerako eta trantsizio demokratikoa bermatzeko» utzi du agintea. Bosgarren ministroa da kargua uzten, baina orain arteko garrantzitsuena, diktadurarekin lotutako lehena delako.

Aurretik utzitakoak herritarrek erregimenarekin gobernurik ez partekatzeko egindako eskaeraren ondorioz izan da, herritarrek ez dutelako diktaduraren zantzurik nahi egitura berrian, eta gaurkoz pisu handiegia dute lehen aritutako ministroek. Gobernuko 21 kideetatik sei Ben Alirekin jardundakoak dira, eta kargu pisutsuak dituzte; beste 11 ministerio Ben Aliren alderdiko politikari edota teknokratenak dira.

Herritarrek jarraitzen dute euren eskaerekin, baina protestak ez dira horren bortitzak, segurtasun indarrek jendearen kontra egin beharrean airera egiten dutelako tiro. Etxeratze agindua errespetatzen ez dutenen kontra ere ez dute neurririk hartzen, baldin eta protesta baketsuetan parte hartzen ari badira. Tunisko RCDren egoitzaren aurrean milaka lagun elkarretaratu ziren atzo, eta armadak talde txiki bati hara sartzen utzi zion alderdiaren hormiuria kentzeko.

Europako Batasunak, berriz, Tunisiara eurodiputatuen ordezkaritza bat bidaltzea erabaki du egoera bertatik bertara ezagutzeko, eta Ben Aliren ondasunak izoztea aztertzen ari da. Herenegun diktadorearen 33 senide eta gertuko atxilotu zituzten, eta horien ondasunak ikertuko dituzte bai herrialdean bertan eta bai atzerrian. Frantziak eskatuta, EBk zerrenda bat osatuko du ikerketa horretarako.

Oposizioa, berriz, gobernu horretan parte hartzeari uko eginda herritarren atzetik dabil, haiek eskatzen dutena bere egiten, egoera nahasian are nahasiago eta ahul. Ben Alik legez kanpo utzitako hiru alderdi dagoeneko legezkoak dira, alderdi berdea eta beste bi ezkertiar, eta lehen legezkotzat jotzen zirenak —lan egiteko aukera gutxi zuten— lekua egin nahian dabiltza. Erbestean ziren buruzagiak ere itzultzen ari dira, besteak beste Mohammed Buazizi eta Moncef Marzuki, eta oraingoz lehen ministroaren estrategiarenkontra egiten hasi dira.



Oposizioko alderdi nagusiak

UGTT Tunisiako diktaduraren barruan ekiten zion sindikatu bakarra zen, baina matxinadak hasiz gero manifestazioen eta greben antolatzaileak izan dira, afiliatuen eskaerei erantzunez. Milioi eta erdi kide dauzka, eta behin-behineko gobernuan parte hartzeko erabakia hartu bazuten ere, atera egin ziren, diktaduran gobernuan izandakoak han direla ikusita. Ganutxi lehen ministroa eta diktadurako ordezkari guztiak ateratzea ezinbestekotzat jotzen dute gobernuan parte hartzeko. Alderdi politiko bilakatzea aztertzen ari dira, eta oso litekeena da bide hori hartzea, gaur egun oposizioan daukaten indarra ikusita.

Ratxid Ganutxi En Nahda alderdiko buruzagia da oraindik baimena lortu ez duen oposizioko kideetako bat. Londresen dago, baina ez du denbora asko iraungo erbestean. Hura izango da mugimen du islamista bideratzeko hautagai sendoena, adituen ustez. Ben Alik islamisten kontra gogor egin zuen, baina erregimenaren amaierarekin batera indarra hartzea espero da. Oraingoz, ordea, alderdi gisa hutsa dago, eta dagoeneko esan dute lehen hauteskundeetan ez direla aurkeztuko.

Oposizio kritikoena ezkerra izanda ere, herritarrek zer esango zain egon dira buruzagiak. Ettajdid Tunisiako alderdi komunista izandakoa diktaduraren gaitzesle bakarra izan da Legebiltzarrean. Ben Alik boterea utzi eta berehala koalizio gobernu bat osatzearen alde agertu ziren, baina egun batzuk geroago «betiko erregimen despotikoaren oinarriekin hautsi beharraz» jardun ziren, iraganeko sistema politikoarekin erabat eten nahian.

Legeztatzen hasiak

PDP Alderdi Demokratiko Progresista eta FDTL Lanaren eta Askatasunen Foro Demokratikoa ere erregimenaren barruan hauteskundeetara aurkeztutako alderdiak izan dira, baina hautagaiak atzera bota zituztenean PDP bozak boikotatzea erabaki zuen, eta FDTLkEttajdidi eman zion babesa. Legez kanpo egon diren hiru alderdi legeztatu berri dituzte: Alderdi Berdea, Alderdi Sozialista eta Lanaren Alderdi Patriotiko eta Demokratikoa.

Moncef Marzuki da Paristik etxera itzuli diren erbesteratuen artean buruzagi ezagunenetakoa, eta dagoeneko aurreratu du presidentetza bozetara aurkezteko asmoa duela. Errepublikarako Kongresuko kidea da, eta hark esaten duenez, «ideologien gainetik dago mugimendua». Islamisten mugimenduan errotutako asko dira haren ingurukoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.