Katalunia

Preso politikoen aldeko ekitaldi bat egingo dute Diadaren bezperan

Quim Torra presidentea eta Roger Torrent Parlamentuko buruak hartuko dute parte martxan; Legebiltzarretik abiatu, eta Generalitateraino joango da. Sozialistek iragarri dute ez direla izango ekitaldietan.

Torrent presoen aldeko lore hori bat jartzen, artxiboko argazki batean. ALBERTO ESTEVEZ, EFE
2018ko irailaren 10a
10:18
Entzun

Ohikoa da Ciudadanoseko eta PPCko kideak ez ikustea Diadako ekitaldietan, baina, aurten, lehen aldiz, Alderdi Sozialista ere ez da izango. Miquel Iceta buru duen taldeak argudiatu du Generalitateak antolatutako ekitaldiek "katalanen erdiak" soilik ordezkatzen dituztela eta "desnaturalizatu" egin dutela "denena" zen eguna.

Aldiz, Kataluniako Generalitateko buru Quim Torrak eta Parlamentuko presidente Roger Torrentek parte hartuko dute gaur iluntzean egingo den preso politikoen eta erbesteratuen aldeko martxan. Aurretik, berriz, lore eskaintza egingo du Torrak Bartzelonako Fossar de les Moreres plazan, 1714ko gerran hildakoak gogoan.

Erbestetik, bestalde, Diadan parte hartzeko deia egin diete herritarrei Carles Puigdemont presidente ohiak eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak.

Rovirak gogora ekarri du prozesu subiranistaren ondorioz hainbat familia banatuta daudela, eta herritarrak, beldurtuta, baina nabarmendu du horrek ez duela inor geldiaraziko: "Aurrera egingo dugula erakutsi behar dugu Diadan". Rovira bera Suitzan erbesteratuta dago joan den martxoaz geroztik.

Antzera mintzatu da Puigdemont ere Belgikatik: "Betebehar berezi bat dugu: Bartzelonako kaleak errepublikaz eta askatasunez betetzea. Denok behar zaituztegu, preso edo erbestean daudelako tokian bertan egon ezin diren horiek ordezkatzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.