Bahiketak Iraken

Presoak aske uzteko 24 orduko epea eman du talde islamista batek, bahitutako bi kooperante italiarrei buruzko informazio truke

Ansar Al Zawahiri talde armatu islamistak 24 orduko epea eman dio Italiari "Iraken preso dauzkaten musulmanak" aske uzteko. Trukean, asteartetik bahituta dauden bi kooperante italiarrei buruzko informazioa emango dutela agertu du. Osterantzean, Italiako Gobernuak ez badu baldintza betetzen, "gatibuentzako erabakitako patuaren berri" italiarrek ez dutela inoiz jakingo adierazi du talde horrek bere Interneteko orriaren bidez.

2004ko irailaren 10a
13:35
Entzun
Ansar Al Zawahiri taldeak bere gain hartu du Simona Pari eta Simona Torreta kooperante italiarren bahiketa. Hala ere, ez du oraindik bi pertsona horiek beren esku daudela erakusten duen frogarik agertu.

Emakumezko horiek biak Zubi bat Bagdadera GKE Gobernuz Kanpoko Erakundeko kideak dira, eta Bagdadeko bulegoan zeuden lanean bahitu zituztenean. Haiekin batera, elkarte bereko kide irakiar bat atzeman zuten.

Danimarkari mehatxuka

Bi kooperante italiarren bahiketaren inguruan baldintza hori jartzeaz gain, Danimarka mehatxatu du Ansar Al Zawahiri taldeak Interneten eskegi duen idatzian. Hain zuzen ere, Danimarkak Basora ingurura 500 soldadu bidali dituela salatu du, eta, ondorioz, "zigorra" jasoko duela. "Italia eta Errusia zigortu ditugu. Danimarkako Gobernuak bere zigor zatia jasotzeko unea iritsi da", dio agiriak.

Ustez Al Kaedako buruzagitzakoa den Aiman Al Zawahiriri egiten dio omen aipatutako taldearen izenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.