Datuak ez dira behin betikoak, baina, orain arteko zenbaketaren arabera, atzo Mexikon izan ziren hauteskundeetan PRI alderdia izan da garaile. Kongresurako zein udaletarako hauteskundeak izan ziren, eta hainbat udalerritan liskarrak izan ziren; hain zuzen, boikota egin zieten hauteskundeei. Esaterako, Ayotzinapako desagerturiko 43 ikasleren udalerrian 54 hautetsontzietatik hamalau soilik jarri zituzten, eta baliteke hauteskundeak baliogabetzea.
Lehen emaitzen arabera, Mexikoko Kongresuaren 500 eserlekuetatik 196-203 eserleku lortuko lituzke Enrique Peña Nieto egungo presidentearen PRI alderdiak; azken hauteskundeetan baino gutxiago, beraz, orduan 214 lortu baitzituzten. Ondotik, PAN alderdiak eskuratuko luke bigarren postua, 105-116 eserleku lortuta; alde handiz, hirugarren indarra izango litzateke PRD alderdia, 51-60 eserleku eskuratuta.
Gobernatzeko balizko akordioa PVEM alderdiarekin egin dezake PRIk. Alderdi berdeak inoizko emaitzarik handiena lortu du, 41-48 eserlekurekin.
1929tik ia etenik gabe irabazi ditu Mexikoko Kongresurako hauteskundeak PRI alderdiak.