Legebiltzarrerako hauteskundeetan, botoen %34,4 jaso ditu PRIk. 40.eko hamarkadatik dozenaka urtez agindu du alderdi horrek Mexikon, lehendakaritzarako azken hauteskundeetan PANeko Vicente Fox nagusitu zen arte. Hala ere, ematen du herritarren konfiantza irabazi duela berriro PRIk; azken batean, hainbeste urtez, alderdi bat baino areago erregimen bat izan den alderdiak.
PAN eskuindarrak, berriz, botoen %30,05 eskuratu du, eta zentro-ezkerreko PRDk %17,1. Ondorioz, inork ez du Legebiltzarrean gehiengo garbirik eta alderdien arteko hitzarmenak beharrezkoak izango dira Mexiko gobernatzeko.
Estatuetako gobernuak aukeratzeko bozetan, berriz, alde handiak izan dira leku batetik bestera. Esate baterako, Nuevo Leon estatu esanguratsuan PANeko boterea galdu du eta PRIk irabazi ditu hauteskundeak. Halaber, PRI izan da garaile Coliman, Sonoran eta Campechen.
PANek, berriz, San Luis de Potosiko gobernua ebatsi dio PRIri, eta Queretarokoari eutsi dio.
PRD, azkenik, jaun eta jabe da Mexiko Hiriburuan, gehiengo absolutua lortu baitu. Era berean, Legebiltzarrerako hauteskundeetan, bizkoiztu egin du diputatu kopurua.
Nolanahi ere, abstentzioa izan da benetako irabazlea: bozkatzeko eskubidea zuten mexikarren %59k ez du botorik eman.
Hauteskundeak Mexikon
PRIk jaso du boto gehien Legebiltzarrerako bozetan
Legebiltzara eta estatuetako gobernuak berritzeko hauteskundeak egin ziren atzo Mexikon. Boto gehien jaso duen alderdia PRI Alderdi Iraultzaile Instituzionala izan da; bigarren lekuan geratu da Vicente Fox lehendakariaren PAN Ekintza Nazionaleko Alderdia, eta, hirugarren, PRD Iraultza Demokratikoko Alderdia, zentro-ezkerrekoa. Inork ez du gehiengo nagusirik lortu, ordea, eta, derrigorrez, hitzarmenak egin beharko dituzte. Abstentzioa oso handia izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu