Primarioak egingo dituzte gaur AEBetako hiru estatutan

Azaroan egingo dituzte Senatuaren heren bat eta Ordezkarien Ganbera aukeratzeko hauteskundeak

Erredakzioa
2010eko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Demokratek, kontuz ibili ezean, Ordezkarien Ganberan duten gehiengoa gal dezakete azaroko agintaldi erdiko bozetan. Ez dira horiek, ordea, galtzaile irten daitezkeen bakarrak. Gaur AEBetako hiru estatutan -Pennsylvania, Arkansas eta Kentuckyn- egingo dituzten alderdi barruko bozetan, hautagaitza gabe gera daitezke urteetan errepublikanoen ordezkari izan diren hainbat buruzagi, Tea Party mugimenduaren ondorioz.

Bob Bennet Utaheko senatariaizan da talde kontserbadorearen lehen biktima. Izan ere, Bennetek ez du beharrezko sostengua lortu bozetarako hautagaia aukeratzeko egindako konbentzioan. Bere izendapena arriskuan ikusita, John McCain Arizonako senatari eta presidentetzarako hautagai izandakoak neurriak hartu ditu, eta eskuinera egin du kanpainan. Oso muturrera joateak, ordea, min handia egin diezaioke Alderdi Errepublikanoari, hautesleak izutu baititzakete azaroko hauteskundeetan, eta, hala, Kongresuan gehiengoa lortzeko aukera galdu.

Demokratek ere ez dute lehia erraza, ezkertiarren eta zentrokoen arteko oreka bilatu behar baitute. Duela bi urte Barack Obamari garaipena eman zioten gazte eta gutxiengoen botoak bereganatu behar dute batetik; baina, aldi berean, ezin dute independenteen sostengua galdu, eta azken horiek ez dituzte begi onez ikusten osasun erreforma edo defizitari aurre egiteko hartutako neurriak.

Lehen proba

Primarioak edo alderdi barruko hauteskundeak ez ezik, ordea, Ordezkarien Ganberarako bozak egingo dituzte gaur Pennsylvaniako 12. barrutian -John Murtha kongresistaren heriotza dela- eta aurreratu dituzte hauteskundeak-. Barrutia 1974tik demokraten esku egon bada ere, inkestek Tim Burns errepublikanoari ematen diote garaipena. Sarah Palin Tea Partykoen eta presidenteordetarako hautagai izandakoaren sostengua jaso du hark. «Boz hauek Obamaren administrazioari buruzko erreferenduma dira», ohartarazi du Burnsek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.