Prodiren ordezkoaren bila

Inkestek Berlusconi jotzen dute garaile Legebiltzarreko bi ganberetan, baina Veltroni itxaropentsu dago

arantxa elizegi egilegor
2008ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Italia izango da ziurrenik azken mende erdian gobernu aldaketa gehien izan duen herrialdea. Koalizioa ahulak edo ustelkeria salaketak direla eta, gutxi dira urtebete baino gehiago karguan iraun duten gobernuburuak. Horiek hala, ez da harritzekoa italiarrak aspertuta egotea. Izan ere, duela bi urte egin zituzten azken aldiz Legebiltzarrerako bozak, eta tarte horretan bi gobernu izan dituzte. 2006an hauteskundeak irabazi zituen arren, Romano Prodi ez da gai izan agintaldia amaitzeko, eta orain hark hasitako lana amaituko duen buruzagia aurkitu beharko dute gaur eta bihar egingo dituzten hauteskundeetan.

Aurreko urteetan ez bezala, ezkerra ez da koalizioan aurkeztuko. Prodik berak sortutako PD Alderdi Demokrataren buruzagi Walter Veltronik, baina, alderdikide guztien sostengua du. Horixe izan zen bere garaian Prodiren dimisioa eragin zuena, alegia, nahikoa sostengurik ez izatea. Horregatik erabaki zuen PD sortzea, sozialista eta liberalekin batera. Egin daiteke da haien leloa, eta Veltronik berak hitzeman du aurreko legealdian hasitako erreformak amaituko dituela, eskuinarekin akordioa lortzeko asmoa dutela ukatuz. «Senatari bakar bat gehiago lortzen duenak aginduko du».



'VELTRUSCONI'. Inkestek, ordea, PDL Askatasunaren Herriari ematen diote garaipena, Silvio Berlusconi lehen ministro ohiaren koalizioari, alegia. Horien arabera, bost eta zortzi puntu arteko aldea aterako dio Berlusconik Veltroniri Diputatuen Ganberan. Senatuan, aldiz, gauzak ez daude horren argi. Hala ere, gehienek Berlusconiren alde egiten dute apustu.

Arazoa da, bi ganberek eskumen berak dituztela, beraz, batean eskuinak eta bestean ezkerrak irabaziz gero, krisia ziurra litzateke. Ondorioz, badira diotenak bi aldeek elkarlanean aritzeko akordioa hitzartu dutela. Alegia, hurrengo lehen ministroa ez dela ez Veltroni ez Berlusconi izango Veltrusconi baizik. «Berlusconi zein lasai dagoen ikusi besterik ez dago. Ez zaio axola galtzea, jada irabazi duelako: badaki Veltroni betiko aldendu dela ezker muturretik, zeina bere amesgaizto handiena zen. Akordioa duela asko hitzartu zuten», dio Francesco Frisenda medikuak. Bi hautagaiek, aldiz, ukatu egin dute akordioa hitzartu izana.

Herritarrak, bestetik, aspertuta daude hainbatean behin promesa berak entzun eta gero inork betetzen ez dituela ikusteaz. Kontuan hartuta Italiako ekonomia ez dagoela bere onenean eta bi hautagaiek antzeko proposamenak egin dituztela, ulertzekoa da herritarren %15 zer egin zalantzan egotea. «Jendea ilusiorik gabe dago, kezkatuta. Irtenbideak nahi ditu, ez zaie axola nondik datozen», azaldu du Erromako irakasle Giovanni Orsinak. Haren esanetan, bi hautagaiak lehendik ere ezagunak izateak herritarrek kanpainan interes gutxiago agertzea eragin du.

Hala ere, bata nahiz bestea hautesleak erakartzen saiatu dira, boto erabilgarria eskatuz. Erasoak ere ohikoak bilakatu dira bi aldeetan. Berlusconik gezurretan aritzea eta komunismoa bultzatzea egotzi dio Veltroniri aste honetan, esanez Alderdi Demokrata eta Italiako Alderdi Komunista ohia bat bera direla. Prodiren gobernuari berriz, paperik gabeko emigranteei ateak irekitzea eta «Italia zikintzea» leporatu dio.



EKONOMIA, KANPAINAREN OINARRI. Veltronik, bestalde, ohartarazi du Berlusconi ez dela gobernuburu izateko egokia. «Italia herrialde serioa da, eta ez du behar Europako goi bileretan txantxa iraingarriak egiten dituen lehen ministro bat. Bera ez da gobernuburua. Hori da nazioarteko egunkariek diotena».

Legealdi berrirako programari dagokionez, berriz, Berlusconik zergak murriztuko dituela iragarri du, argudiatuz horiek altuak direnean ez ordaintzea «eskubide naturala» dela. Horretaz gain, energia nuklearra bultzatzearen alde ere agertu da. Veltronik, aldiz, alokairuak bultzatu eta gutxieneko soldata mila euro ingurura igotzea proposatu du, besteak beste. Bestalde, biak bat etorri dira emakumeek parte-hartze handiagoa behar dutela gobernuan. Egun %17 dira Diputatuen Ganberan eta %14 Senatuan.

Ondo bidean, bost urtean aginduko du gaur eta bihar artean aukeratuko duten Legebiltzarrak. Baina horretarako aurrekoek izan ez duten sendotasuna beharko du.



ZenBaKIa

200.000

Iruzurra. La Stampa egunkariaren arabera, Italiako alderdietako batek 200.000 euro ordaindu zizkion mafiari Venezuelan sobera geratutako boto txartelak eskuratu eta haren alde bozkatzeko erabiltzeko. 50.000 txartel erosi zituztela dio kazetak.





Aurreko gobernuen porrota eragin duen hauteskunde sistema

Egun indarrean dagoen legeak saritu egiten du Diputatuen Ganberan boto gehien lortzen duen alderdi edo koalizioa. Hala, irabazleak 340 diputatu eskuratzen ditu; oposizioak, berriz, 277 lor ditzake gehienez; eta besteak atzerriko ordezkarien artean banatzen dira.

Senatuan, aldiz, koalizioek botoen %20 lortu behar dituzte gutxienez ordezkaritza izateko eta alderdiek %8. Koalizio barruan, berriz, alderdi bakoitzak botoen %3 lortu behar ditu eserleku bat lortzeko. Hemen ere bada saririk boto gehien lortzen duen taldearentzat, baina hori barrutietan lortutako emaitzetan oinarritzen da. Ondorioz, Senatuan zailagoa da gehiengo zabala eskuratzea.

Bada hirugarren arazo bat ere, bi ganberek oso antzeko eskumenak eta boterea dutela. Beraz, bietan gehiengoa izan ezean, krisia leher daiteke.





BI HauTaGaI naGusIaK

Politikaria barik, enpresaria

Silvio Berlusconi
Askatasunaren Herria koalizioko hautagaia
«Europako eta munduko buruzagi politiko hoberena». Bere buruaz ari zen Silvio Berlusconi (Milan, 1936) adierazpen horiek egin zituenean. Izan ere, apaltasuna ez da bere ezaugarri aipagarrienetariko bat; bai, aldiz, ahoberokeria. Hitz egiten duen aldiro egunkarietako tituluak betetzen dituelako da ezagun, baina baitaharen aurkako ustelkeria auziengatik ere. Haatik, orain arte, guztietatik onik irtetea lortu du. Azken auzia otsailaren 28an eten zuten behin-behinekoz, bozetarako kanpaina egiteko aukera izan zezan.

Salaketak salaketa, bi aldiz izan da Italiako lehen ministro, nahiz eta agintaldiak amaitzea lortu ez. «Ametsa saltzen du. Enpresari aberatsa da bera, italiar arrakastatsuaren istorioa da, herritarren arazoak konpon ditzakeen norbait», dio Corriere della Sera egunkariko kazetari Beppe Severgninik. Eta ez dago oso oker, izan ere, beste behin Il Cavaglieri da inkestetan faborito.­ A. E.



'Il Professore'-ren ikaslea

Walter Veltroni
Alderdi Demokratako hautagaia
Hirutan gobernuburu izan eta hiru alditan porrot egin ostean belaunaldi berriei egin die toki Romano Prodi Il Professore-k, eta Walter Veltroni (Erroma, 1955) aukeratu du ikasletzat. Ez da politikagintzan hasi berria, Prodiren bigarrena izan zen haren lehenengo agintaldian, 1996 eta 1998 urteen artean, eta 2001az geroztik Erromako alkate izan da. Hala ere, Alderdi Komunistako kide ohia izateagatik da ezagun, eta horrek mesfidantza sortzen du askoren artean.

Haren arerio Silvio Berlusconi ez bezala moderatua da Veltroni, eta Prodik lortu ez zuen alderdikideen sostengu osoa ere badu. Ekonomia eta klima aldaketa izan ditu kanpainako oinarri, argudiatuz Italiak aldaketa behar duela, eta orain duela aukera. «Ahalmen handiko eta baliabide askoko herrialdea da hau. Baina Italiak aldatu egin behar du. Zorrak kitatu eta oxigenoa eman behar diogu herrialde honi, ekonomia biziberritu ahal izateko». ­ A. E.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.