Programa nuklearra bertan behera utziko duela hitzeman du Ipar Koreak

Piongiangek bi hilabeteko epea izango du, eta trukean energia eta ekonomiaren alorrean laguntza jasoko du

2007ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Hiru urte eta erdi luzatu diren eta gorabehera ugari izan duten negoziazioek emaitza eman dute. Ipar Koreak bere programa nuklear militarra bertan behera utziko duela iragarri zuen atzo. Pekinen hitzartu zen herenegun akordioa. Ipar Koreako eta beste bost herrialdetako -Ameriketako Estatu Batuak, Errusia, Japonia, Txina eta Hego Korea) ordezkarien arteko azken negoziazio txanda bost egunez luzatu da.

Yongbyonen eraikitako erreaktore nuklearra eta uranio aberasteko bestelako instalakuntzak bi hilabeteko epean geldiarazi beharko ditu Piongiangek. Ipar Koreak, trukean, 50.000 tona petrolio jasoko ditu, energia alorreko laguntza, alegia. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako ikuskatzaileek hitzemandako beste duela baieztatu eta gero, beste 950.000 tona petrolio jasoko ditu Piongiangek.

Ipar Koreak energia alorreko laguntza honen premia handia du eta petrolioaz gain, hitzartutako akordioak finkatzen du laguntza ekonomikoa ere jasoko duela.

Ipar Korearen eta AEBen arteko harremanak hobetzeko hizketaldiak bideratzeko asmoa ere jasotzen du seikoteak hitzartutako akordioak. Washington, zentzu horretan, prest egongo litzateke Piongiang gaizkiaren ardatza osatzen duten herrialdetatik kanpo uzteko.

Hilaren 8an hasi ziren negoziazioak eta bost egunez luzatu dira.Pekinen hitzartutakoaren arabera, akordioa betetzen ari den egiaztatzeko lehen azterketa bat egingo da hilabete bateko epean. Pekineko hizketaldietan eratutako bost lan taldetako ordezkariak bilduko dira orduan. Batzorde hauen lan esparruak hauek izango dira: Koreako penintsularen desnuklearizazio prozesua; AEB eta Ipar Korearen arteko harremanen normalizazioa; Japonia eta Ipar Korearen arteko harremanen normalizazioa; ekonomia eta energia arloetako lankidetza; eta Asia ipar-ekialdean bakea eta segurtasuna bermatzeko prozesua.Martxoaren 19an berriz bilduko dira sei herrialdetako ordezkariak. Agintariak, berriz, epea amaitzean, alegia, bi hilabeteko epean bilduko dira Pekinen.



TXALOAK ETA KEZKAK. Seikoteak egiten zuen zazpigarren negoziazio txanda zen eta lortutako akordioa txalotu zuten alde guztiek. Wu Dawei Txinako ordezkariaren arabera, aurrerapauso garrantzitsu eta nabarmena eman da: «Adostutakoa onuragarria izango da [Koreako] penintsulan bakea, segurtasuna eta garapena bermatzeko, baita Asia ipar-ekialde oparo bat eraikitzeko ere». Washingtonek ere onurazkotzat jo zuen akordioa. Tony Snow Etxe Zuriko bozeramaileak akordioari «aukera hoberena» eta «urrats garrantzitsua» iritzi zion.

Piongiangen aldetik, baina, kezkak daudela eman zuen jakitera IRNA agentzia ofizialak. Ipar Koreak bileran onartu duena «instalakuntza nuklearren jardueraren etenaldi bat» dela adierazi zuen albiste agentziak, neurri batean, horrek ekarriko lituzkeen ondorioez ohartaraziz -inguruko herrialdeek badituzte programa nuklear militarrak-.

John Bolton NBE Nazio Batuen Erakundeko AEBetako ordezkari ohiak, bestetik, akordioa gaitzetsi zuen eta munduan arma nuklearraz jabetu nahi liratekeenei begira «seinale gaizto bat»bezala jo zuen akordioa.



kronologia

Hogei urteko auzi baten azken txanpa



1987

1987. Ia 30 urteko ikerketen ostean, ustez arma nuklearrak egiteko balio zezakeen erreaktore nuklearra martxan jarri zuen.



1993

Martxoa. AEBak eta Hego Korea maniobra militarrak egiten ari zirela salatu, eta Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Itunetik aterako zela ohartarazi zuen.

Ekaina. Ameriketako Estatu Batuekin elkarren aurka indarrik ez erabiltzea hitzartu zuten.



1994

Urria. Piongiangek hitz eman zuen programa nuklearra geldituko zuela, ur arineko erreaktoreak eraikitzeko laguntzaren truke. Horiek ez dute arma nuklearrak egiteko adina indarrik sortzen.



2002

Urtarrila. Washingtonek 'gaizkiaren ardatzean' sartu zuen Ipar Korea.

Abendua. IAEAko begiraleei alde egiteko agindu zien.



2003

Urtarrila. Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituna bertan behera utzi zuen. Sei herrialderen arteko negoziazioak hasi ziren.



2004

Otsaila. Pakistango programa nuklearraren sortzaile Abdul Kader Khanek onartu zuen teknologia nuklearra saldu ziola.



2005

Urtarrila. Condoleezza Rice AEBetako Estatu idazkariak «tiraniaren gotorleku» izatea leporatu zion eta, jarrera aldatu ezean, indarra erabiliko zutela ohartarazi.

Otsaila. Piongiangek lehen aldiz onartu zuen arma nuklearrak zituela, eta negoziazioak eten zituen.



2006

Uztaila. Gutxienez sei misil jaurti zituen. Nazioarteak probokaziotzat jo zuen.

Abuztua. AEBek bahimenduak kendu arte ez zela negoziazioetara itzuliko iragarri zuen Ipar Koreak.

Urria. Proba nuklearrak egin zituela iragarri zuen. NBEren Segurtasun Kontseiluak zigorrak jartzeko ebazpena aho batez onartu zuen



2007

Otsailaren 13a.Pekinen egindako bileran akordioa hitzartu zuten sei herrialdetako ordezkariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.