•Rupert Murdoch. Entzuketak egin dituen News of The World igandetako argitalpenaren jabea zen. 1931n Australian jaioa, azken 60 urtean munduko hedabide talderik handiena egituratu du. Presentzia indartsuena herrialde anglosaxoi nagusietan dute hedabide horiek, baina Asiara eta Europara ere hedatu du bere inperioa. Erresuma Batuan dituen argitalpen nagusiak dira The Sun —haren gehigarria zen News of The World—eta The Times. Sky telebista katea ere Murdochena da. 1990ean bat egin zuen British Satellite Broadcasting katearekin, BSkyB sortuz. Enpresa berriaren %39 da Murdochena, eta joan den astean %61 erosteko eskaintza erretiratu zuen, News of The World-en eskandaluaren eraginez.
•James Murdoch. Rupert Murdochen seme-alabetan laugarrena da James. 2007az geroztik News Corporation enpresaren Europako eta Asiako atal guztiak zuzendu ditu. Enpresa horrek biltzen du murdochtarren inperioa. James Murdochek aitarekin batera agerraldia eginen du gaur Erresuma Batuko Parlamentuan. 2008an entzuketen biktimei ordaindu izana aitortu du, haien isiltasuna erosteko asmoz.
•Rebekah Brooks. Murdochtarren aliatu estua da, eta, orain arte, News of The World-en eskandaluagatik atxilotu duten enpresako kargudun nagusiena. 2000-2003 artean astekariaren zuzendaria izan zen, eta 2003tik 2009ra The Sun zuzendu zuen. Ordutik News Internationaleko kontseilaria izan da. Enpresa hori News Corporationen Erresuma Batuko adarra da. Bermea ordainduta aske dago, eta gaur parlamentuan deklaratzekoa da.
•Andy Coulson. News of The World-eko zuzendaria izan zen 2003-2007 artean, hain zuzen, entzuketen lehen kasuen berri jakin zenean. Horren ondoren, Alderdi Kontserbadorearen eta David Cameron lehen ministroaren komunikazio arduraduna izan zen, azken urtarrilera arte. Poliziei ordainketak egitea baimendu zuelakoan atxilotu zuten iragan astean.
•Neil Wallis. News of The World-eko zuzendariordea izan zen 2007ra arte. Londresko Polizia buruen eroskerian zerikusia zuelakoan atxilotu zuten.
•Paul Stephenson. Scotland Yardeko burua zen. Dimisioa eman zuen News of The World-eko eroskeria kasuekin lotu zuten informazioa argitaratzean.
•John Yates. Poliziako buruzagiordea zen. Eroskeria kasuekin zerikusia zuela argitaratu ondoren dimisioa eman zuen.
Protagonistak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu