Enrique Peña Nieto (PRI) buru duen gobernuak emandako bertsioaren arabera, Igualako Poliziak Ayotzinapako Eskola Normaleko —irakasle eskolak dira— ikasleen aurka jo zuen irailaren 26an: sei pertsona tiroz hil, 27 zauritu eta 57 bahitu zituzten. Bahituetako hamalau handik egun batzuetara aurkitu zituzten; 43 ikaslek desagertuta segitzen dute.
Horietako baten arrastoak identifikatu ditu argentinako auzitegi mediku talde batek. Alexander Mora Venancio 19 urteko gaztearenak dira. Zabortegi batean topatu zituzten arrastoak, eta bahituetako batenak direla egiaztatu du orain taldeak.
Larunbatean, manifestazio jendetsua egin zuten Mexiko Hirian, eta martxaren buruan joan ziren desagertutako gazteen senideetako batzuk. Peña Nietori ohartarazpena egin zioten: "Uste badu gure senideetako bat identifikatu dutelako eseri eta negar egingo dugula, esan nahi diogu oker daudela", esan zuen Felipe de la Cruzek, desagertuetako baten aitak: "Borrokan jarraituko dugu beste 42ak topatu arte".