Amorruaren astean murgilduta, Zilegitasunaren Babeserako Batasunak martirien ostiralean protesta masiborako deia egin du. Talde horren ustez, egiptoarrak ez dira makurtuko "apetazko atxiloketa kanpaina anker eta faxisten aurrean", eta kalera aterako dira azken egunetako eraso eta atxiloketak salatzeko. Eguerdiko errezuaren ostean hasiko dira mobilizazioak, meskitetatik. Atzo, gainera, Hosni Mubarak diktadore ohia espetxetik atera zen, behin-behineko atxiloaldia amaituta, eta horrek ez du giroa lasaitzen laguntzen; Maadiko ospitale militarrean dago, eta han beteko du etxeko atxiloaldia.
Hilaren 14an hasi ziren Egiptoko armadak Mursiren aldeko Nahda eta Rabea al-Adauiya plazetako kanpalekuak husten, eta iturri ofizialek aitortu dute harrezkero 900 hildako izan direla: Anaia Musulmanek, berriz, hildakoen zifra "askoz ere handiagoa" dela diote. Bortxaz hustu zituzten Mursiren aldeko kanpalekuak, eta horrek istiluak eta atxiloketak areagotzea ekarri zuen. Egun horretan bertan, herrialdean larrialdi egoera ezarri zuten hilabete baterako, eta 11 probintziatan etxeratze agindua dekretatu zuen gobernuak, 19:00etatik 06:00etara bitartean.