Atzo, lasai esnatu zen La Paz. Kaleak hutsik zeuden, hala ere, tentsio egoera nabaria zen. Alta, El Altoko herritarrek berriro hiriburura jaitsi eta bertakoekin batera hainbat protesta ekintza egin zituzten egun osoan. Irailaren 20an hiriburuan ezarri greba orokorra herrialdearen hiri nagusietara zabaldu da eta dagoeneko El Alton, Cochabamban, Potosin eta Oruron batu dira greba orokorrera. Boliviako beste eskualdetan ere protestaldiak iragarri dituzte.
Manifestarien indarra handiagoa da egunetik egunera eta dagoeneko Gonzalo Sanchez de Lozadaren gobernua kolokan jartzea eragin dute lau ministrok dimisioa eskatu eta Carlos Mesa presidenteordeak babesa kendu zion presidenteari. Sanchez de Lozadak berak gas naturala Mexiko eta AEB Ameriketako Estatu Batuetara esportatu aurretik herriari galdetzeko konpromisoa hartu zuen herenegun onartu dekretuaren bidez. Ildo horretan, gasaren proiektua abenduaren 31 arte bertan behera gelditu da. Alta, herritarren aldarrikapena haratago doa orain eta gasaren jabetza aldarrikatzeaz gain, presidentearen dimisioa eskatzeko ahaleginean ari dira.
Sanchez de Lozadak, berriz, ez duela dimisioa emango berretsi eta kargutik kentzeko estrategiatzat jo zuen gertatzen ari dena. Zentzu horretan, oposizioko buruzagi Evo Morales eta nekazarien ordezkari Felipe Quispe «proiektu subertsiboaren erantzule» egin zituen.
Presidenteak egotzitakoa ukatu eta protestei eusteko eskatu dute Morales zein Quispek. Moralesek presidentearen meategiak hartzeko deia egin zien atzo herritarrei. COB Boliviako Langileen Zentraleko buruzagi Jaime Solaresek ere greba orokorra erabatekoa izan dadin eskatu du. «Borroka epe luzera da. Egunetik egunera hobeto antolatu eta aurrera ekin behar da», adierazi zuen.
AEBek eta OEAk babesa erakutsi diote presidenteari
AEB Ameriketako Estatu Batuak eta OEA Amerikako Estatuen Erakundeak babesa erakutsi zioten atzo Boliviako presidente Gonzalo Sanchez de Lozadari. AEBetako Estatu Departamenduko eledun Richard Boucherrek ez dutela ordena konstituzionalaren inongo etenaldirik onartzen eta «demokratikoak ez diren bideetatik ezarri erregimenik» ez dutela lagunduko esan zuen. OEAk Lozadari «erabateko babesa» adierazi zion, ohar baten bidez.
Bien bitartean, Amnesty Internationalek azken egunotan izan gertaeren inguruan «berehalako ikerketa zorrotzak eta inpartzialak» egitea eskatu zion Boliviako presidenteari.
Azken sei egunotan orotara 58 pertsona hil eta beste 150 baino gehiago zauritu dira La Paz eta El Alton izan istiluetan. Irailaren 15ean protesta ekintzak abiatu zirenetik, berriz, 63 pertsona hil dira Bolivian.
P GASA ESPORTATZEKO PROIEKTUA
Ekintzek kolokan jarri dute Repsol YPFren asmoa
Boliviak bizi duen desegonkortasun politiko eta ekonomikoak kolokan jarri du goi lautadan dagoen gas naturala Mexiko eta AEB Ameriketako Estatu Batuetara industrializatu gabe eramateko proiektua. Dagoeneko egitasmoak urtebeteko atzerapena du eta zaila ikusten da, hasiera batean aurreikusi moduan, 2006. urterako martxan jartzea; izan ere, oraingoz datorren urtera arte bertan behera gelditu da.
Repsol YPF, British Gas eta Pan American enpresek osatzen duten Pacific LNG partzuergoak 5.000 milioi euroko inbertsioa egiteko asmoa du Bolivian. Gero, urtero 1.300 milioi dolar irabaziko lituzkete transnazionalek. Boliviak, berriz, 40 eta 70 milioi dolar artean irabaziko lituzke gasa bertan industrializatu ezean.