Mobilizazioak amaitu dira oraingoz Ekuadorren. Indigenen elkarteek eta gobernuak akordioa lortu dute 883. dekretua atzera bota eta protestak bertan behera uzteko. Bi aldeek adostu dute 883.a ordezkatuko duen dekretu berri bat egitea, eta horretarako batzorde bat sortzea. Batzordean, gobernuaren ordezkaritza batek eta indigenen beste batek parte hartuko dute, eta bitartekari gisa arituko dira NBE Nazio Batuen Erakundea eta Ekuadorko Apezpikuen Kontseilua.
"Bakea berreskuratu dugu, eta Correak gidatutako kolpea geldiarazi", adierazi du Lenin Moreno Ekuadorko presidenteak. Morenok onartu egin du erregaientzako diru laguntzak ezabatzen zituen dekretua indargabetzea, eta, horrenbestez, bertan behera utziko du MDF Munduko Diru Funtsaren eskariz onartu zuen neurria. "Zuen irizpidea herrien ongizatea bilatzea da, eta ongi dago, guztiona baita irizpide hori. Baina ez dut onartuko aberatsek eta gasolinaren eta gasoilaren trafikanteek diru laguntzak bereganatzen jarraitzea", esan die ordezkari indigenei.
Indigenek, berriz, nabarmendu dute diru laguntzak ezabatzeak ez duela "inolako justifikazio fiskalik" eta ez dagoela lotuta inbertsio publikoetarako estrategia batekin. Dekretua indargabetzeko exijitu zioten gobernuari, atzo izan zituzten elkarrizketetan. "Hona ez gara etorri batzordeak eratzera. Herrialdearen eskaria da 883 dekretua indargabetzea. Orain hala erabakiz gero, lurralde guztiak lasaituko dira", adierazi zuen Jaime Vargas CONAIE Ekuadorreko Nazionalitate Indigenen Konfederazioko presidenteak. Gainontzeko ordezkari indigenek jarrera bera defendatu dute, eta Morenok dekretua bertan behera uztea onartu du.
Erregaientzako diru laguntzak ezabatzeak azken hamarkadetako krisirik handienetakoa eragin du Ekuadorren. Protesta jendetsuak izan dira, eta Poliziak bortitz erantzun du. Mobilizazioetan zazpi hildako izan dira gutxienez, 1.300 zauritu, eta 1.000 atxilotu baino gehiago.