Protestak hedatuz doaz Londresen, eta 160 lagun atxilotu ditu Poliziak

Indarkeriaren atzean zerbitzu publikoetako murrizketek eta langabeziak eragindako ezinegona dagoela diote auzotarrek«Indarkeria hauspotzea» egotzi die Erresuma Batuko Poliziak sare sozialei

Jon Fernandez.
2011ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Londresko zenbait kalek gudu zelai itxura hartu dute. Joan den igande goizaldean azken 25 urteetako istilurik larrienak izan ziren hiriburuaren iparraldeko auzo batean, Tottenhamen, eta sutan kiskali zituzten hainbat eraikin eta polizia auto. Atzo goizaldean, berriz, Enfield, Walthamstow, Islington (Londres iparraldean), Brixton (hegoaldean) eta Waltham Forest (ekialdean) auzoetara zabaldu ziren protestak eta denden harrapakatzeak. Poliziak gutxienez 160 lagun atxilotu ditu dagoeneko, eta datozen egunetan agente gehiago jarriko ditu Londresko kaleetan, «indarkeria saio gehiago saihesteko».

Hala ere, protestek hiriburuko auzoetara hedatuz jarraitu dute. Istiluak izan dira berriro Brixton, Hackney, Lewisham eta Peckham auzoetan. Bestalde, The Guardian egunkariaren arabera, Islington, Stoke Newington, Wood Green eta Lewisham barrutietako dendak itxi egin zituzten atzo arratsaldean, liskar gehiagoren beldur. Stockwell eta Brixton arteko metroaren linea ere eten egin dute istiluen ondorioz.

Mark Duggan arraza beltzeko 29 urteko gaztearen hilketak piztu ditu indarkeriazko protestak. Taxi batean zihoala polizia batek jaurtitako tiroz hil zen Duggan, joan den ostegunean. Gertakari berean balaz zauritu zen polizia bat ere, eta, hortaz, Dugganek ere pistola bat zuela zabaldu zuten. Hala ere, poliziak jasotako balari eginiko lehen azterketek kontrakoa baiezta- tu dute, The Guardian egunkariaren arabera. Hau da, zauritutako poliziari beste polizia batek jaurti ziola tiroa, eta ez Dugganek.

Hilketa horrek leherrarazi du ezkutuan zegoen haserrea, eta Londresko hainbat auzotan eta bereziki Tottenhamen aspalditik duten tentsioak gainezka egin du. Alde batetik, David Cameronen gobernuak zerbitzu publikoetan egin dituen murrizketek berebiziko eragina dute langabezia handia duten auzoetan; bestetik, Poliziak arraza gutxiengoen kontrako jokabide oldarkorra duela azaldu diete Tottenhamgo hainbat auzotarrek Erresuma Batuko komunikabideei.

Hala ere, istiluak sortu dituztenak «gaizkileak» baino ez direla nabarmendu du Poliziak. «Guztira 35 agente zauritu dira. Zur eta lur daude, beren kontrako indarkeria ikaragarria dela eta», adierazi du Christine Jones Londresko Poliziaren komandanteak. Gainera, protestek auzoetan izan duten hedapenaren erantzuletzat jo ditu Poliziak Twitter eta halako sare sozialak: «Sare sozialak eta bestelako komunikabideak erabili dituzte halako izugarrikeria eta kriminalitatea antolatzeko».

Gobernua, oporretan

Protesten krisiak oporretan harrapatu du bai kontserbadoreen eta liberal demokraten gobernua eta bai Boris Johnson Londresko alkatea ere. Oposizioko alderdiek gogor kritikatu dute istiluen hedapena ikusita gobernuak izan duen «erantzun ahula», eta egoeraren larritasuna ikusirik, oporretatik itzuli behar izan dute Theresa May Barne ministroak eta Nick Clegg lehen ministrordeak. David Cameron lehen ministroak, aldiz, oporretan jarraitzen du, Italian.

«Gertatzen ari dena indarkeria baino ez da; lapurreta oportunistak, ez gehiago eta ez gutxiago», esan zuen atzo Cleggek Londresera iritsi berritan. Gainera, ministro gehienak oporretan izan arren gobernuak istiluen kontra egiteko gaitasun osoa duela uste du Cleggek. «Kanpoan egon arren gobernuko kideok harremanetan egon gara une oro asteburu osoan. Beste edozein asteburutan bezain modu eraginkorrean egin dugu lan».

Olinpiar Jokoei begira

Bestalde, beldurra ari da hedatzen Erresuma Batuan, azken egunetako istiluek nazioartean Londresen irudia zikindukoote duten. Datorren urtean bertan antolatuko dituzte Olinpiar Jokoak, eta ezinbestekoa da hiriak segurtasuna bermatzea. «Liskarrak liskar, Londresek Olinpiar Joko onenak eskainiko ditu. Ez dute kontrakorik lortuko», iragarri du Johnson alkateak.

Hiriburuaren erdialdetik eta inguru turistikoetatik urrunago dauden auzotarrentzat, berriz, protestarako arrazoia dira Olinpiar Jokoak, ez baitituzte ezertan nabari hirian inbertitzen ari diren milaka milioi euroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.