Nigeria

Protestak lehertu dira Nigerian, azken bahiketaren harira

Igandean ehunka ikasle atzeman zituzten Niger estatuan; horietatik 11 aske utzi dituzte. Segurtasun falta areagotzen ari dela salatu dute manifestariek.

Polizia agente bat Kaduna hirian, Nigerian. AKINTUNDE AKINLEYE / EFE
2021eko ekainaren 1a
13:48
Entzun

Talde armatuen bahiketak ohiko bihurtu dira azken hilabeteetan Nigerian, eta segurtasun faltak eragindako haserreak protestara eraman ditu herritarrak. Herrialdeko hainbat puntutan istiluak izan ziren atzo manifestarien eta segurtasun indarren artean. Zamfara estatuan, esaterako, errepidea moztu zuten protestariek, eta Poliziak sakabanatu zituen ondoren. Lagos hirian, berriz, manifestazio handi bat izan zen. Ehunka lagun elkartu ziren segurtasun neurriak indartzeko eskatzeko.

Herenegun izandako bahiketak lehertu du tentsioa. Niger estatuko poliziaren bozeramaileak ohar batean jakinarazi zuen «gizon armatuek» Tegina hiriari eraso egin ziotela, «indiskriminatuki» tiroak botaz. Estatu horretako gobernadore Abubakar Sani Bellok erasoa baieztatu zuen sare sozialetan, eta talde armatuak egin zituen erantzule. Halaber, adierazi zuen pertsona bat hil zela tiroketan, eta hamar lagun baino gehiago artatu zituztela Wushishiko ospitalean.

Reuters berri agentziaren arabera, Salihu Tanko eskola islamikoan izan zen erasoa. Abubakar Tegina ikastetxearen jabeak esan zuen gutxienez 300 ikasle izan daitezkeela bahituak, denak ere zazpi eta hamabost urte artekoak. Ez zuen kopuru zehatzik eman, azaldu zuenez, gertakariaren momentuan haietako gehienak ez baitzeuden ikastetxean, eta euren etxeetatik eraman baitzituzten asko. Hura, ordea, eskolan zegoen: «Armaz josita zeuden hainbat lagun ikusi nituen motorren gainean, 20 eta 25 artean. Eskolara sartu, eta ikasleak hartuta joan ziren».

Gerora, estatuko gobernariak jakinarazi zuen bahitutako haurretatik 11 aske utzi zituztela, «seguruena, oso gazteak zirelako». Lau eta hamabi urte artean zituztela esan zuen.

Oraindik ez dago argi zenbat diren guztira bahitutakoak. Nigeriako hedabideek 200 inguru direla zabaldu dute, baina agintariek ez dute horren inguruko zehaztapenik eman.

800 ikasle baino gehiago, abendutik

Batez ere Nigeriaren ipar-ekialdean gertatu ohi dira halako erasoak, inguru horretan indarra baitute Boko Haram eta Estatu Islamikoa talde islamistek. Hala ere, azken hilabeteetan hegoalderago ere hedatu dira, eta talde horiek eremu gero eta zabalagoa hartzen ari diren susmoa zabaldu da.

Asko areagotu dira bahiketa masikoak Nigerian. Kasu gehienetan, trukean diru ordainketa bat jasotzeko asmoz egiten dituzte. Abendutik gaur egun arte, 800 ikasle baino gehiago bahitu dituzte. Hain justu, larunbatean, azken bahiketaren bezperan, aske utzi zituzten Kaduna estatuko Greenfield Unibertsitatean atzemandako hamalau ikasle.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.