Turkia

Protestak nagusitu dira asteburuan, Erdoganek Turkia indarkeria matxistaren kontrako itunetik atera ostean

Ituna «homosexualitatea normaltzeko» erabili izan dela adierazi du Ankarako gobernuak. Europako Batasunak eta NBEk gaitzetsi egin dute erabakia. Turkian urtero 300 bat emakume hiltzen dituzte indarkeria matxistako ekintzetan.

Larunbatean erabakiaren aurka Istanbulen eginiko protestaren une bat. ERDEM SAHIN / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko martxoaren 22a
11:10
Entzun

Manifestazioak eta bestelako protesta ekintzak egin dituzte emakumeek Turkian asteburuan, Racep Tayyip Erdogan presidenteak herrialdea emakumeen aurkako indarkeriaren nazioarteko itunetik atera duela iragarri ondoren. Erabakia esanguratsua da, ituna Istanbulen sinatu zutelako, eta Turkia izan zelako Europako Batasunak bultzaturiko akordioa sinatu zuen EBtik kanpoko lehen herrialdea.

Bandera moreak atera zituzten kalera emakumeek, eta salatu zuten egunero jasotzen direla emakumeen hilketaren baten berriak. Izan ere, hilketa matxistak areagotu egin dira herrialdean azken urteotan. Turkiak ez du emakumeen aurkako indarkeriaren datu ofizialik zabaltzen, baina, horren kontra lanean ari diren ekintzaileen arabera, aurten dagoeneko 78 emakume hil dituzte, eta azken hamarkadan aurrekoetan halako hiru handitu da kopurua. Urtean 300 emakume inguru hiltzen dituzte Turkian indarkeria matxistaren eraginez.

Baina, Erdoganen eskuineko gobernuak erabakia arrazoitzeko esan duenez, itunak «familia egiturak» ahultzen ditu. «Istanbulgo Ituna, hasieran emakumea babesteko pentsatuta zegoena, homosexualitatea normaltzen saiatzen ari den jende talde batek bahitu du, eta hori Turkiaren gizarte eta familia balioen kontrakoa da», idatzi du Erdoganen komunikazio bulegoak.

«Gure gizartearen egitura tradizionala zaintzeak Turkiako emakumeen duintasuna» babestuko duela adierazi du Fuat Oktay presidenteordeak.

Zehra Zumrut Familia Lan eta Gizarte Politiken ministroak esan du Turkiako Konstituzioak eta indarrean diren legeek babestuko dituztela emakumeen eskubideak.

Istanbulgo Ituna Europako Kontseiluak bultzatu zuen, emakumeen aurkako indarkeria aurreikusteko, epaitzeko eta desagerrarazteko. Horrez gain, berdintasuna bultzatu nahi du. Itunaren testuan, ordea, ez da homosexualitatea aipatzen, baina zehazten du inor ezin dela diskriminatu sexu joerarengatik.

Europako Kontseiluarentzat, «penagarria»

Marija Pejcinovic Buric Europako Kontseiluko idazkari nagusiak esan du Turkiaren erabakia «penagarria» dela. «Erabakia atzerakada handia da, eta are penagarriagoa da arriskuan jartzen duelako emakumezkoen babesa Turkian, Europan eta harago».

Nazio Batuen Erakundeak ere gaitzetsi egin du Ankararen erabakia. Osasunaren Mundu Erakundearen datuen arabera, Turkian emakumeen %38k pairatzen du bikotekidearen indarkeria bizitzan. Europan %25ekoa da kopurua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.