Protestak zabaldu dira Austrian, eskuin muturra gobernuan sartu ostean

EBrekiko politikak berrikusiko ditu gobernu berriak. Merkelek Austriarekin «harreman ona» mantendu beharra azpimarratu du

Gobernu berriaren aurkako protesta, atzo, Vienan. FLORIAN WIESER / EFE.
Iosu Alberdi.
2017ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Austriako Gobernu berriaren aurka eginiko manifestazioek milaka lagun inguru bildu zituzten atzo Vienako kaleetan. OVP alderdi kontserbadoreko eta FPO eskuin muturreko alderdiko kideak kargua hartzen ari ziren bitartean egin zituzten protestak, besteak beste, Ez utzi naziei gobernatzen leloa zeramaten pankartekin. EB Europako Batasunean eskuin muturra gobernura iritsi den estatu bakarra da Austria.

«Badakit Austriako herritar askok begi onez ikusten dituztela gobernu berriaren planak, beste hainbat zain daudela, eta asko aurka agertu direla», adierazi zuen Austriako presidente Alexander Van der Bellenek. Presidentea, Berdeen buru izanikoa, 2016an heldu zen kargura, eskuin muturreko Norbert Hofer hautagaiari irabazi ostean. Hauteskunde horien bigarren itzulia berriz egin behar izan zuten, FPOren kexen ondorioz.

Van der Bellenek gobernu berriarekin dituen desadostasunak nabarmendu zituen gobernukideen kargu-hartze ekitaldian, baina negoziazio «eraikitzaileak» izan direla azaldu du. OVPren eta FPOren arteko elkarrizketak bi hilabete iraun zuten, irailaren 15eko hauteskundeen ondoren.

Beraz, hamar urte geroago eskuin muturra Austriako Gobernura itzuli da. Aurretik, 2000. eta 2006. urteen artean koalizio bera egon zen gobernuan. Oraingoan, eskuin muturrak sei ministerio kontrolatuko ditu, OVPko Sebastian Kurzek gidatuko duen gobernuan. Barne, Atzerri, Defentsa, Gizarte gaiak eta Osasun, Azpiegitura eta Kirol ministerioak izango dituzte. Gainera, alderdiko lider Heinz Chirstian Strache izango da kantzilerordea.

Muturreko taldeekin lotura

Strache mugimendu neonaziekin lotu dute kazetari ugarik. «Polizia txostenek erakusten dute Strache indarkeriarako prestasunik handiena duen sektore neonazitik datorrela», azaldu du Hans Henning Scharsach kazetariak, Austriako eskuin muturrean espezializatuak. Nina Horaczek kazetariaren arabera, berriz, FPOren diputatuen %40 «muturreko talde nazionalistei» lotuak daude.

Koalizio berriak immigrazioaren aurkako politikak, gastu publikoaren murrizketa, zergen jaitsiera eta EBrekiko politiken berrikusketa martxan jarriko dituela azaldu du. Suedia eta Alemaniarekin batera,2015. eta 2016. urteetan errefuxiatu gehien jaso zuen herrialdea izan zen Austria.

Herrialde horretako eskuin muturra EBren aurkakoa izan da tradizionalki, baina batasunean jarraitzeko konpromisoa hartu dute. Halere, «okerreko garapenak» zuzentzeko beharra azpimarratu du. Alemaniako kantziler Angela Merkelek azaldu du Europarekiko hartzen duten jarrera aztertuko dutela, eta lan egingo dutela orain arteko «harreman ona» mantentzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.