Protestak

2011ko martxoaren 13a
00:00
Entzun

YEMEN



Bi lagun hil dituzte. Ali Abdala Saleren erregimenaren kontrako protestetan beste bi lagun hil dituzte. Sana hiriburuan milaka lagun elkartu ziren atzo beste egun batez, eta poliziek gogor egin zuten manifestarien kontra horiek sakabanatze aldera. Hiriburuan lagun bat hil zuten, eta beste dozenaka zauritu zituzten. Aden eta Al Mukala hirietan ere protestak izan ziren. Azken hiri horretan 12 urteko haur bat hil zuten poliziek.

ALJERIA



Oposizioa jazartuta. Kultura eta Demokraziarako Elkartea oposizioko alderdiak atzorako deituta zeukan manifestazioa bertan behera gelditu zen; izan ere, poliziek inguruak hartu eta elkartutakoak sakabanatu zituzten. Aljerko Maiatzeko Lehena plazan barrikadak ezarri zituzten segurtasun indarrek. Abdelaziz Buteflikaren kontrako oihuak egin zituzten herritarrek.

TUNISIA



Ben Aliren gertukoen bila. Zin el Abidine Ben Ali diktadorearen gertuko bi lagun atxilotu zituzten atzo; Abdelaziz Ben Dhia eta Abdul Uahab Abdula. Funtsak bidegabeki erabiltzea, ustelkeria egitea eta erakunde nazionalei kalte egitea leporatzen diete. Urtarrilaren 23an ezarri zieten biei etxeko atxiloaldia eta orain atxilotzea erabaki du trantsizioko gobernuak. Metlaui hirian, bestalde, liskarrak izan ziren atzo hainbat leinuren artean lanpostuak eskuratzeko. Hiru lagun hil ziren borroketan.

EGIPTO



Erregimenekoak atxilotuta. Hosni Mubaraken Alderdi Nazional Demokratikoko bi kide atxilotu ditu Poliziak; Abdel Naser el Jabari eta Jusef Jatab diputatu ohiei protestetan indarkeria sustatu izana leporatzen diete. Asteazken Odoltsuan izandako gertakariekin lotzen dituzte; egun horretan —otsailaren 2a— dozenaka lagun hil zituzten gamelu eta zaldietan zihoazen lagunak. Mubaraken gobernuak ordaindutako lagunak zirela zabaldu zen. Kairoko Tahrir plazan elkarretaratu ziren oposizioko manifestariak ustez hiltzeko agindua eman zutenen beste lau goi agintari ere atxilotzeko agindua eman du Fiskaltzak. Protestak eten zitezen mertzenarioak kontratatu izana egozten diete epaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.