Kataluniako prozesua "bukatu" eginen dutela, horixe iragarri du Espainiako Telecinco kateak Carles Puigdemont Kataluniako presidentetzarako hautagaiari egotzitako mezuen berri eman behar zuenean. Kate horrek dioenez, Toni Comin Generalitateko Osasun kontseilaria zenaren telefonotik grabatu dituzte mezuak, Bruselan. Iturri horrek azaldu duenez, Carles izenarekin gordetako kontaktu batek idatzi dio Comini. "Katalunia errepublikanoaren azken egunak bizitzen ari gara", mezuarekin hasi du elkarrizketa, eta, bertzeak bertze, erran dio "Moncloaren planak irabazi" egin duela, eta espero duela "guztiak" espetxetik atera ahal izatea, "bertzela lotsagarrikeria historiko bat" gertatuko litzatekeelako. Telecincok argitaratu duenaren arabera, mezuen artean hainbat minutuko tartea dago, eta ez da Cominen erantzunik ageri.
Zalaparta handia sortu du berriak, batez ere Espainiako hedabideetan. Puigdemontek Twitterren mezu bat idatzi du. "Kazetaria naiz, eta beti ulertu dut mugak daudela, pribatutasunarena bezala, eta inoiz ezin dira urratu. Gizakia naiz, eta une batzuetan nik ere zalantza egiten dut. Presidentea naiz baita ere, eta ez naiz uzkurtuko, eta ez dut gibelera eginen, herritarrekiko eta herrialdearekiko errespetuagatik, eskerragatik eta konpromisoagatik. Jarraituko dugu". Cominen abokatu Gonzalo Boyek Catalunya Radiori erran dio ERCko kideak kereila bat aurkeztuko duela Telecincoren aurka.
Sóc periodista i sempre he entès que hi ha límits, com la privacitat, que mai s’han de violar. Sóc humà i hi ha moments que també jo dubto. També sóc el President i no m’arronsaré ni em faré enrere, per respecte, agraïment i compromís amb els ciutadans i el país. Seguim!
— Carles Puigdemont ðŸÂÂÂÂŽ— (@KRLS) 2018(e)ko urtarrilak 31
"Ez dut horren berririk", erantzun du Teresa Jorda ERCk Espainiako Kongresuan duen diputatuak Puigdemont "sakrifikatu" al duten galdetu diotenean. "Oraingoz, Carles Puigdemont da hautagaia. Zer gertatuko den esperoan gaude, saiatzeko inbestidura egiazkoa eta eraginkorra izan dadin, sinbolismoekin ez baitugu herrialde bat irabaziko".
Ines Arrimadas Ciutadanseko buruaren ustez, "denek" dakite independentziarako prozesua bukatu dela, "baina ez dira ausartzen jendaurrean erratera".