Arratsean zehar zurrumurru izan dena Josep Lluis Carod-Rovira ERCko presidenteak baieztatu du jendaurrekoan: hau da, PSCk, ERCK eta ICV-EUAk osatuko dutela Kataluniako hurrengo gobernua, aurreko legegintzaldian bezala.
Hiru eguneko negoziazioen ondoren, ERCk hirukoaren aldeko apostua egitea erabaki duela agertu du, eta horretarako bi arrazoi nagusi izan dituztela: batetik, Katalunian arlo sozialean aurrera egiteko biderik egokiena dela uste dutelako. Bestetik, CiUren lehentasuna Madrilena bezala -PSOE, Espainiako Gobernua eta PP aipatu ditu multzo horretan- eskuin nazionalistaren eta PSCren arteko gobernua egitea zela. Ildo horretatik, CiUko buruzagi Artur Masi dagoeneko beren erabakiaren berri eman diola agertu du.
Gobernuaren osaketari dagokionez"arkitektura" horren negoziazioa bihar hasiko dutela iragarri du; hain justu, bilera egingo duela PSCko buru Jose Montilla eta ICVko Joan Saurarekin. Nolanahi ere, presidentea Montilla izango dela baieztatu du, eta berak gobernuko "bigarren ardura politikoa" izango duela.
Kataluniako Vilaweb egunkari digitalaren arabera, ERCk bost kontseilari izan ditzake gobernu horretan.
Asteazkenean egin zituzten Katalunian hauteskundeak, eta CiUk irabazi bazituen ere, ez zuen gehiengo osorik erdietsi. Alderdi hori PSCrekin zein ERCrekin gobernua lotzen saiatu den arren, batzuen eta besteen ezezkoa jaso du astean zehar.
Katalunia
PSCk, ERCk eta ICVk berriro hirukoa egiteko akordioa lortu dute
Josep Lluis Carod-Rovira ERCKo buruzagiak jendaurreko agerraldia egin du horren berri emateko. Neurri sozialetan aurrera egiteko biderik egokiena hori dela aldarrikatu du. Halaber, CiUren eta Madrilen apostua eskuineko nazionalisten eta PSCren arteko gobernua zela ohartarazi du. Montilla presidente izango dela eta gobernuko "bigarren ardura" berak izango duela baieztatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu