Frantziako 2022ko bozak

PSk Anne Hidalgorekin berreskuratu nahi du galduriko handitasuna

Frantziako Alderdi Sozialistako militanteek alde handiz aukeratu dute Parisko auzapeza 2022rako presidentegai.

Anne Hidalgo Parisko auzapez eta PSren presidentegaia, iragan irailean, Alemaniako SPDren mitin batean. EFE
ander perez zala
2021eko urriaren 14a
22:55
Entzun

Datorren uda hasieran, Frantziako presidentetzarako bozen ostean, hamar urte beteko ditu PS Alderdi Sozialistak azken aldiz goia jo zuen garaiak. 2012an, PSk herrialdeko presidentetza lortu zuen François Hollanderen garaipenari esker, eta, hilabete batzuen ondoren, aulkien gehiengo osoak bildu zituen Asanblea Nazionalean eta Senatuan, bere aliatuekin batera; une horretan, gainera, eskualde eta hiri garrantzitsu ia guztietan ari zen gobernatzen. Egungo panorama, ordea, bestelakoa da ezkerreko alderdi tradizionalarentzat, 2014tik beheranzko joeran baita, salbuespenak salbuespen. Horregatik, PSko buruzagitzak berriz ere gora egiteko ezin hobetzat ditu 2022ko hauteskundeak, azken hamarkadan galduriko handitasuna berreskuratu nahi baitu; eta zeregin horretaz arduratuko denak baditu izen-abizenak: Anne Hidalgo da.

Parisko auzapeza pixkanaka baina zalantzarik gabe onduriko presidentegai bat izan da. Alderdiaren aparatuaren babesa du —Olivier Faure lehen idazkariaren apustu pertsonala da—, eta militanteen baiezkoa besterik ez zitzaion falta kanpainari behin betiko bultzada emateko; horien gehiengoa Hidalgoren alde agertu zen atzo gauera arte egindako barne bozketan (botoen %72 zituen, bozen %90 zenbatuta zeudenean), eta, hortaz, PS haren atzean elkartuta duela ikusirik, Hidalgok espero du gaurtik aurrera beste fase batean sartuko dela haren hautagaitza, inkestek %4-7 arteko babesa aurreikusi baitiote orain arte.

Parisko auzapezak PSko lehen idazkaria alboan zuela ospatu ditu barne bozketako emaitzak, gaurko ordu txikietan, eta hitzaldi horretan eskerrak eman dizkie «Frantzia osoan mobilizatu diren militanteei, beren konfiantza» emateagatik: «Gure koloreak erantzukizunak eta agintean egotea bere gain hartzen dituen ezkerrarenak dira. Gobernuko ezkerraren koloreak dira, soilik kexatzearekin aski ez duena, ekiteko nahia ere baitu bizitza aldatzeko».

Hasiera-hasieratik, sozialisten buruzagitza tematuta zegoen Hidalgorekin, 2014an —eta iaz berriz— Frantziako hiriburuko bozak irabazi izanak proiekzio handia eman baitio estatu mailan; urteotan, gainera, ezagun egin da hartu dituen erabaki gatazkatsuengatik, tartean, autoen erabilera murriztearena, eta, berriki, Eliseoen Zelaia «ohiz kanpoko lorategi bat» bilakatzearena.

Parisko auzapezak duela hilabete eman zuen bere hautagaitzaren berri, Rouen hirian, tokiak ez baitzuen ezer kasualitatetik: ekologismoari esker berriz industrializatu den hiri bat da. Hain justu, hori izango da PSren presidentegaiaren kanpainako ardatzetako bat, baina ez bakarra, iragan astelehenean alderdiko militanteei azaldu bezala; sektore publikoko eta pribatuko soldatak igotzea, erregaien zerga jaistea, lan orduak negoziatzea eta eutanasia legeztatzea dira hizpidera ekarri dituen beste proposamenetako batzuk.

Militanteen aurrean mintzatu ez zena barne lehiako beste hautagaia izan zen, ipar-mendebaldeko Le Mans hiriko auzapez eta Hollanderen agintaldian ministro izandako Stephane Le Foll. Hark nahiago zuen bien arteko eztabaida bat egin, eta, horrekin batera, primario bat, baina alderdiko lehen idazkariak eta Hidalgok berak berehala baztertu zuten ideia hori, 2012koaren eta batez ere 2017koaren oroitzapen txarrengatik. «Zatiketarako arriskua» argudiatu zuten.

Eskaturiko espaziorik gabe geratu dena arren, Le Follek aukera izan du PSren presidentegaiak duen erronka argi eta garbi adierazteko: «PS bidegurutzean dago. Desagertu ala berriz agertu. Ezabatu ala Frantziarentzako proiektu bat izan».

«Mobilizazio kolektiboa»

Barne bozketaren emaitza jakin ondoren, alderdiak hilaren 23an izango du hurrengo topaketa, egun horretan egingo baitu Hidalgok lehen mitin handia PSren hautagai modura. Haren inguruan «mobilizazio kolektiboa» abiatzeko unea izango da, PSren pisuzko politikarietako asko izango baitira han, hura babesten.

Paisaia politikoari eta inkestei begiratuta, Hidalgok eta haren alderdiak lan handia dute aurretik. Are gehiago kontuan harturik ekologisten primarioak Yannick Jadotek irabazi izana albiste txar bat dela Parisko auzapezarentzat, Jadotek eta hark espazio politiko bera okupatuko baitute 2022ko presidentetzarako bozen kanpainan.

Ekologisten hautagaia aurpegi ezagun bat da sozialistentzat. 2017ko hauteskundeetan ez zen aurkeztu, lehiatik ateratzea erabaki baitzuen Benoit Hamon PSren presidentegaia babesteko; datorren urterako, ordea, hainbatetan adierazi du ez duela erabaki bera hartuko, eta Eliseorako lasterketan izango den hautagaietako bat izango dela.

Bien bitartean, eta balizko aliantzen zain, Hidalgok Valentzian (Herrialde Katalanak) abiatuko du haren kanpaina —Andaluzian jaio zen—, gaur, PSOEren kongresuan. Pedro Sanchez gobernuburuarekin elkartuko da, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.