Mundua

PSko militanteek gaur eta bihar aukeratuko dute idazkari nagusia

Segolene Royal Frantziako presidentziarako hautagai ohiaren eta Martine Aubry Lilleko alkatearen arteko borroka estua aurreikusi dute. Biak Benoit Hamon hirugarren hautagaiaren babesa jasotzen ahalegindu dira.

2008ko azaroaren 20a
14:26
Entzun
Frantziako PSko idazkari nagusia hautatzeko aukera izango dute gaur eta bihar alderdi horretako 233.000 afiliatu inguruk, joandako asteburuan Kongresuan barne zatiketa islatu eta gero. Hautagai batek gaur ez badu botoen erdia baino geahigo lortzen, bigarren itzulia egingo dute bihar.

Gaur eta bihar hiru dira kargu horretarako hautagaiak: Segolene Royal, Martine Aubry eta Benoit Hamon. Hilaren 6an egindako lehen bozketan Royal buru duen ildoak %29 lortu zuen, Bertrand Delanoerenak %25 -orain ez da aurkeztuko-, Aubryrenak %24 eta Hamonenak %18. Delanoe Parisko alkateak orain sostengua Aubryri ematea erabaki du.

Pasa den asteburuan Reimsen (Frantzia iparraldean) egin zuen PS alderdiak bere 75. Kongresua, eta sekula baino banatuago dago alderdia. Poitou Charentes (mendebaldea) departamenduko kontseilari orokorra da Royal, eta iazko Frantziako presidentziarako lehian hautagai izan zen. MoDem zentroko alderdiarekin harremanak estutzeko prest azaldu da.

Aubryk -Lilleko alkatea da- Delanoeren babesa jaso du gaurkorako. Royalek bere "aurkako frontea" egin dutela salatu du. Lehenengo bozketan Aubryk eta Delanoek lortutako bozkak batzen badira, %49 lortuko luke. Aubryren helburua PSren "ateak irekitzea" da.

Hamon hirugarren hautagaiaren sostengua bilatzen ari dira bai Royal, baita Aubry ere. Alderdiaren ildo ezkertiarraren ordezkari da Hamon eurodiputatua, eta Royalek bera babesten badu, postu bat ziurtatu dio zuzendaritzan. Aubryk, aldiz, Hamonekin jarrera ideologiko asko partekatzen dituela aipatu du.

Orain arteko idazkari nagusi François Hollandek ez du esan noren alde joko duen. Hollande Royalen bikotekide ohia da eta baita bere hiru seme-alaben aita. Hala ere, Royalengandik asko urrundu dela adierazi dute Frantziako komunikabideek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.