Bere alderdian jaramon handirik egiten ez diotela ikusirik, Miquel Icetak ere (PSC) elkarrizketa operazioari heldu dio, zentralitate politikoa berreskuratzeko asmoz. Hark ere izan nahi du Madril eta Bartzelonaren arteko zubi: «[Kataluniako] Gobernuak ez badu hitz egin nahi, nik behar den guztia hitz egingo dut».
Harritzekoa litzateke PPkPSOEk baino ulermen handiagoa erakustea Icetaren erreguei. PSCko idazkari nagusiak behin eta berriz eskatu dio Madrilgo anaia nagusiari keinuren bat egin dezala Kataluniako independentismoa geldiarazteko: aitorpen txikiren bat, gutxienez Katalunia nazio gisa aitortzeko. PSCren eta PSOEren arteko harremana da Kataluniaren eta Espainiaren artekoaren isla, Salvador Illa PSCko antolaketa idazkariaren hitzetan: «PSC ez bada PSOEn egokitzen, katalan askok ulertuko dute Kataluniak ere ez daukala tokirik Espainian».
Baina halako urratsik ez da heldu. Aitzitik, PSOEk eragotzi egin du zeinahi keinu katalanista; Pedro Sanchez alderdiko buruak esan zuen lurraldetasunaren auzia «politikaren aurrekoa» dela, eta PSC gero eta jokoz kanpoago geratu da. 2003an indar nagusia izan zen, milioi bat boto bilduta; 2015erako, galduak zituen erdiak. Sektore subiranistak alderdia utzi du, eta, PSOEren itzalpean, promesa errealista gutxi geratzen zaizkio PSCri. Baina lider trebea dauka: Icetak badaki Katalunian nola edo hala heldu behar zaiola nazioaren auziari. Ez duela balio kontua «politikaren aurrekoa» dela esateak.
Inbestidurako krisia
Urteetan pilatutako desadostasunak, ordea, Espainiako hauteskunde orokorren osteko krisian lehertu ziren, PSOEren batzorde federalak Mariano Rajoyren inbestidura ahalbidetzea onartu zuenean. Icetak sutsuki erregutu zuen aurkakoa, eta PSCk agindua desobeditu zuen, besterik egiteak Kataluniako militantzia erabat urrunaraziko zukeela jakinik. Horrek aurrez aurre ipini zituen Iceta eta Susana Diaz, Andaluziako presidentea.
Ordainetan, Madrilgo erabaki guneetatik kanpo utzi dute PSC bi hilabetez, «zubiak berreraiki» eta naziotasunaren auzia aldarrikapenetatik ken dezan. Azken asteotan bareago mintzatu da Iceta: bere ustez, ostera boto eskubidea izango dute PSOEren kongresu federala iristen denerako. Kontsolamenduzko sari txiki bat, etxera beste ezer eraman ezin duenarentzat.
Katalunia
PSOE eta PSC, bikote krisia leuntzen
Alderdi Sozialistaren zuzendaritzak bi hilabeteko epea eman dio PSCri Kataluniaren nazio auzia bere aldarrikapenetatik baztertzeko. Bartzelonatik ihardetsi diote ezinbestean heldu behar zaiola gaiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu