Espainiako Gorteetarako hauteskundeak

PSOEk otsailean egingo du norabidea argitzeko kongresua

Rodriguez Zapaterok ez du sozialisten idazkari nagusiaren kargua utziko, ordezkoa kongresuak onartu behar duela uste duelakoRaxoi presidente izango denak Gabonetarako prest izan nahi du gobernua

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Hauteskundeen emaitzen ondorioz Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako jarduneko presidenteak PSOEren bidetik lehenbailehen kendu beharko lukeela esaten hasi dira alderdiaren erabakigunetik kanpo utzi nahi duten sozialistek. Haien ustez, ez litzateke egokia izango PSOEk behar duen aldaketaren trantsizioa zuzentzea, bozak ez baititu Alfredo Perez Rubalcabak galdu, Zapaterok baizik. Atzotik hasi dute sozialistek barne krisiari irtenbidea emateko prozesua, presidenteak kongresuari otsailaren hasierarako data jarrita, estatutuek uzten duten gutxieneko epean, baina ez lehenago, prozesua azkartu ahal izateko. Datorren larunbatean ezarriko dute egun zehatza, batzorde federalean.

Idazkari nagusi berria aukeratuko dute kongresuan, eta alderdiaren norabidearen ildo garrantzitsuenak ere erabakiko dituzte: etorkizunerako proiektu bat marraztu. Zapaterok argi utzi du militanteek aukeratu behar dutela idazkari nagusi berria, eta, gainera, gobernukideengandik ez duela dimisio eskaerarik jaso, botoen galera izugarria ez delako bere kudeaketarengatik izan, «dena kontra» izateagatik baizik, egoera ekonomikoaren inguruan hartu beharreko erabakien ondorioz. Rubalcabak ere, porrota onartzearekin batera, arrazoi hori bera eman du, eta badirudi hori izango dela egunotan erabiliko duten argudioa, baina ez da arrazoi bakarra, eta Zapaterok ere badu erruaren zati bat. Idazkari nagusi ez zela gehiago izango esan eta bozak aurreratu zituenetik, baina,bazterrak nahasten aritzea leporatu diote Felipe Gonzalezen eta haren taldekoak; lan uzteko, baina alboratu duten arren ez du erabat alde egin, eta polemika iturri izan da.Aurrena Carma Chaconen alde egin, eta gero atzera egin behar izan zuenean Rubalcabaren alde egiteko, besteak beste. Orain bere ordezkoaren hautua militanteena dela esateak sinesgarritasuna galdu du.

Rubalcabak ere argitu beharko du zein den bere etorkizuna alderdiaren barruan. Oposizioko burua izango den edo Chaconek—edo beste norbaitek— ordezkatuko duen, alderdiari beste norabide bat eman nahi badiote. Baina Chaconek ere Kataluniako emaitzen ondorioz puntu batzuk galdu ditu, lehen aldiz CiUk aurrea hartu baitio PSCri. Dena den, ez dauka borroka galdua etorkizunari begira.

Rubalcabak ezinezkoa zirudiena iraultzeko erronka hartu zuen Zapateroren ordez Espainiako presidentetzarako hautagaitza onartu zuenean, baina ez zaio ongi atera, eta Felipe Gonzalezekin hasitako ibilbideari amaiera emateko ordua izan daiteke, PSOEk beste norabide bat hartzea erabakitzen badu. Gonzalezen eta zaharren berpizteak ez du balio izan, bozetako emaitzek erakutsi dutenez, baina, hala ere, Zapaterok alderdiari itxura berritzailea eman zionean, Rubalcaba itxura horretara moldatu zen, gobernu berriari esperientzia ekartzeaz gain.

Raxoiren biharamuna

Madrilgo Ferraz kaleko bulegoetako biharamun ilunaren oso bestelakoa izan da Genovan popularrena, haiek ere kongresua iragarri dute, baina beste helburu batekin: PPren erakunde guztien berrikuntza iragartzea, otsailaren 17an, 18an eta 19an, sozialistena baino bi aste beranduago. Aurretik, baina, gobernua martxan izango da.

Eguberri egunerako osatu nahi du gobernua Mariano Raxoi presidente izango denak. Abenduaren 21ean hartuko du berak kargua, eta botere aldaketa gidatzen Soraya Saenz de Santamaria jarri du, Espainiako Kongresuko gaur egungo PPren bozeramailea. Gobernuko presidenteorde izateko haren izena aipatzen da gehien. Haren ardura izango da gobernu sozialistarekin negoziatuko duen taldea osatzea.

Batzorde exekutibo nazionala izan berritan, lan asko egin beharra dagoela nabarmendu du Raxoik, egoera oso zaila delako, eta krisiak hala eskatzen duelako. Baina gobernua osatzeko epeak errespetatu behar direla esan du, egoera ezohikoetan prozedura ezohikoak erabili behar direla eskatu dutenei erantzunez.

Astelehenak ez dio garailearen zapore gozoa kendu, baina Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren deiak gogorarazi dio Espainia ez dagoela egun bat ere itxaroteko. Gobernua osatu arte Zapateroren gobernuak dauka oraindik Europarekin harremana egin beharra, baina Raxoik argi utzi du hori ez dela oztopo izango.

Raxoik arazo asko gainditu beharko ditu orain, eta nagusi izan zuenak gertu izango duela esan dio batzorde nazionalean. Jose Maria Aznar ez da bilera horietan egoten, baina atzo, egun «historikoan», han izan nahi zuen, eta Raxoirentzat berak 1996an izan zuen babesa eskatu die batzarkideei. Beharko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.