PSOEk gaur eguerdian ofizialki izendatu du Espainiako presidentegai Alfredo Perez Rubalcaba atzora arteko presidenteorde eta Barne ministroa. 60 urterekin iritsiko zaio presidente izango aukera, Felipe Gonzalezekin eta Jose Luis Rodriguez Zapaterorekin ministro izan ostean. "Ehun metroak ia hamar segundotan egiteko gai dena, gai da hamar hilabetetan hauteskundeak irabazteko", esan zuen Zapaterok bere ondorengo moduan proposatu zuenean.
Korrika azkar eta ondo egin beharko du, ordea. Izan ere, inkesten arabera 15 puntu aurretik da PPren hautagai Mariano Rajoy. Patxi Lopez lehendakaria Madrilen da gaur, eta Rubalcabarekin sozialisten proiektu berria ikus daitekeela esan du, "hautagai berriarekin eta proposamen berriekin". Herritarrengana gerturatzea espero du horrela Lopezek, batez ere, "sektore progresistenekin".
Madrilen hasi da aurkezten Rubalcaba gaur zeintzuk izango diren bere politikaren ildo nagusiak. Ekonomia eta finantza gaiei heldu die, eta aipamenik ez dio egin Euskal Herrian abian den bake eta normalizazio prozesuari. Rubalcaba Barne ministro zelarik 500dik gora euskal herritar atxilotu dituzte. Atzo iragarri zuen "lehenbailehen" utziko dituela dituen ardurak, hauteskunde kanpainan buru-belarri aritzeko.
Joseba Egibarrek EAJko arduradunak berriz Rubalcabari bi galdera egingo dizkiotela aurreratu du: ea bakegintzan zer urrats emango dituen eta arazo politikoaren muinari heltzeko zer egingo duen. Aralarrek garrantzia kendu dio Rubalcabaren hautagaitzari eta hautagai nor den baino gehiago garrantzitsuagoa dela presidente nor izango den esan du.