PSOE-ren krisia

PSOEren buruzagitzara aurkeztuko dela iragarri du Sanchezek

Alderdikideek hala eskatzen badiote, berriz ere PSOEren idazkari nagusi kargurako aurkeztuko dela iragarri du bart Pedro Sanchezek. Larunbatean, diputatu akta utzi zuenean, halaxe iradoki zuen "alderdia birfundatzeari" ekingo ziola iragarrita, eta bart baieztatu du. PSE-EEk zuzendaritza berria lehenbailehen aukeratzeko eskatu dio egungo gestorari, baina "presarik gabe" egingo dela erantzun diote Susana Diazen aldekoek.

Sanchez, larunbatean. PACO CAMPOS / EFE
2016ko urriaren 31
11:22
Entzun

Mariano Rajoy Espainiako gobernuburu izendatzearen kontra zeudenek lehenbailehen eratu nahi dute PSOEren zuzendaritza berria. PSE-EE da horren adibide, eta "atzerapenik gabe" zuzendaritza osatzeko prozedura abian jartzeko eskatu zion atzo, uno honetan PSOEren buru den gestorari. Zuzendaritza berri horrek "PPren eskuin politikei alternatiba" izatera eraman behar luke alderdia, PSE-EEren irudiko.

Halaxe egiteko eskatu zuen Pedro Sanchezek ere, diputatuen kongresuko aktari uko egin zionean. Orduan argi esan ez bazuen ere, iradoki zuen ez zuela amore emateko asmorik, eta alderdiaren idazkari nagusi izateko aurkeztuko zela berriz. Bart jakinarazi du halaxe egingo duela. La Sexta telebista katean egin zioten elkarrizketan esan zuen "gogoz eta indarrez" dagoela PSOEren gidari izateko, eta duela hiru urte baino prestatuago dagoela uste duela.

Sanchezek luze hitz egin zuen atzoko elkarrizketan, eta autokritika ere egin du. Adibidez, Podemosi ez ziola "populista" deitu behar onartu du, eta alderantziz, haien kontra egin beharrean, haiekin elkar ulertzera derrigortuta daudela ohartarazi du. Gainera, Kataluniari eta Euskal Herriari nazio izaera onartzearen alde dagoela jakinarazi du. Era beran, Sanchezek salatu du presio handiak izan zituela PPren gobernuari ameto eman ziezaion.

PPren gobernua ahalbidetzearen kontra zeudenek, beraz, lehenbailehen abiatu nahi dute alderdiko zuzendaritza berria aukeratzeko prozedura. Ez da hala gertatzen Rajoyren gobernua aurrera ateratzea lortu zutenengan. Susana Diazi ere alderdiko idazkari nagusi postura aurkezteko erronka bota dio Sanchezek, baina hark ez du ezer iragarri oraindik. Berak hitz egin ez duen arren, haren inguruan daudenek, baina, alderdiaren zuzendaritza berria osatzeko prozedura "presarik gabe" egingo dela jakinarazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.