"Badira Estatutu horren eduki batzuk talde sozialistak zuzenduko dituenak", adierazi du Espainiako presidenteak Espainiako Kongresuko Gobernuaren kontrol saioan.
Ordu batzuk lehenago, iragan ostiralean Kataluniako Parlamentuak gehiengo handiz onartutako Estatutu berria erregistratu du Ernest Benach Legebiltzarreko presidenteak Espainiako Kongresuan. "Elkarrizketa eta hitzarmenerako" borondatearen beharra azpimarratu ditu Benachek ekitaldi horretan. Hain justu, Kataluniatik "elkarrizketa eta hitzartzeko gogoa" eskaintzera joan dela Madrilela azpimarratu du, eta gauza bera jaso nahi duela trukean. Hori dela eta, dei berezia egin dio PPri Estatutu proposamena tramitera onartu eta eztabaidatzearen aldeko boza eman dezan. Era berean, prozedurari ahalik eta lasterren ekiteko galdegin du Benachek.
Finean, Espainiako Kongresuko erregistroan sartuta, abian da Kataluniako Estatutu berria eztabaidatzeko proposamena. Tramitera onartu edo ez erabakitzeko eztabaida egingo da aurrena, eta batzar horretanManuela de Madrek (PSC), Artur Masek (CiU) eta Josep Lluis Carod Rovirak defendituko dute testua.
Zapatero Maragall bilera
Nolanahi ere, ez da prozesu erraza izango, dagoeneko Espainiako alderdi nagusietako hainbat sektorek proposamenaren aurkako jarrera agertu baitute. Batetik, PSOEko zenbait buruzagi Kataluniako Estatutu berriaren aurka mintzatu dira, eta Jose Luis Rodriguez Zapateroaren Gobernuak jakinarazi du ez dagoela testua bere horretan onartzeko prest; hau da, eztabaida prozesuan "zenbait aldaketa" egin gabe. PP oposizioko alderdi nagusia, berriz, Estatutu berriaren erabat kontra dago.
Espainiako Armadako buruak ere proposamenaren aurka mintzatu dira, eta Espainiako errege zein estatuburu Juan Carlo I.ak zeharka iradoki du ekimenaren kontra dagoela.
Testuinguru horretan, bilera egin dute arratsaldean Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak eta Pascual Maragall Kataluniako Gobernukoak. Batek zein besteak bileraren ondoren ez dutela adierazpenik egingo jakinarazi dute.
Carod Roviraren oharra
Josep Lluis Carod Rovira ERCko buruak, berriz, Espainiako Kongresuko tramitean ez dutela Estatutuaren testuan aldaketa esanguratsurik onartuko ohartarazi du. Halakorik gertatzekotan, ERC zenbait bide saiatzeko prest dagoela agertu du: beren kabuz erreferenduma antolatu, hauteskundeak aurreratzea behartu, edo beren ekimenez Estatutu proposamena Kongresutik erretiratu.
Espainiako Kongresuan PSOEk Estatutu berriaren aurkako jarrera agertzen badu Zapateroren sinesgarritasuna guztiz ahulduko dela iritzi dio Carod Rovirak.
Kataluniako estatutu berria
PSOEren taldeak Kataluniako Estatutu berriari zuzenketak aurkeztuko dizkiola agertu du Zapaterok
Ernest Benach Kataluniako Legebiltzarreko lehendakariak Espainiako Kongresuan Estatutu berria erregistratu eta ordu batzuren buruan, PSOEren taldeak egitasmo horri zuzenketak aurkeztuko dizkiola iragarri du Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak. Pascual Maragall Kataluniako Gobernuko lehendakariarekin batzartu da gero Zapatero, baina bileraren ostean adierazpenik ez egitea hitzartu dute biek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu