Bruselan prentsaurrekoa eman du Junts por Catalunyako hautagaiak, eta argi esan du, ez dagoela beste planik: "Lehendakari inbestitzen banaute Generalitatean egongo naiz". Puigdemonten arabera, demokratek ez dute onartuko hauteskundeak "itxurazkoak" izatea, eta galdera egin du: "Zerk du indar gehiago, bozek edo 155aren eskuburdinek?".
Kanpainan dira Katalunian, eta asko dago jokoan. Puigdemontek argi du zein den irabazten ez duenak hartu beharreko jarrera: "Bozak galtzen dituenak Kataluniako Gobernu zilegiaren zerbitzura jarri beharko du". Modu berean, prozesu subiranistarekin lotutako auziak itxi egin behar direla nabarmendu du: "Hemen ez dago matxinadarik eta ezta konspiraziorik ere. Zergaitik ematen dizue hainbesteko beldurra politikak?".
Bozak irabazi ezean zer egingo duen ez du argitu, baina esan du, gustatuko litzaiokeela hauteskundeetarako Kataluniara itzultzea, besteak beste, botoa eman ahal izateko. "Baina, ez dago nire esku", gaineratu du.