Mundua

Puigdemont: "Ekainean edo uztailean egingo dugu galdeketa, egingarri bada"

Espainiarekin akordiorik ez badago datorren urteko Diadarako "hauteskunde konstituziogileetara" deitzea espero duela esan du presidenteak. ANCk eta Omnium Culturalek deituta, milaka lagun elkartu dira bost puntutako ekitaldietan. 

2016ko irailaren 12a
07:35
Entzun

Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak Espainiarekin adostutako erreferendum bat egin nahi du Katalunian, eta, horretan saiatzeko, proposamen bat emango dio Espainiako Gobernuari hil honetan bertan. Hala jakinarazi zien atzo, Diada egunean, komunikabideei. Gaur, berriz, bere asmoak zehaztu ditu Catalunya Radiori eskainitako elkarrizketan: "Ekainean edo uztailean egingo dugu galdeketa, egingarri bada". Baina Espainiarekin akordiorik lortu ezean datorren urteko Diadarako "hauteskunde konstituziogileak" iragartzea espero duela jakinarazi du. Datorren irailaren 11n bere karguan jardunean egotea espero du Puigdemontek: "Katalunia postautonomia eta preindependentzia tartean egongo da".

Sozialisten balizko eskaintzaz galdetuta, prozesua atzeratzeko "trikimailua" dela salatu du Generalitateko buruak. "Konstituzioaren erreforma aitzakia hartuta, guztia beste hiru edo lau urtez atzeratzea da haien helburua. Baina alferrik ari dira, Kataluniak baduelako data bat, eta bete egingo dugu".

Diada jendetsua

Milaka lagun atera dira kalera Diada egunez. Aldarrikapena eta festa bat eginda, bost manifestazioko mobilizazio bakarra egin dute. 17:14 direnean abiatu dituzte manifestazioak Bartzelonan, Bergan, Salten, Tarragonan eta Lleidan. Bost gune nagusi horietan Errepublika Katalanaren bost zutabeak irudikatu nahi dituzte: Bergak kultura, Saltek justizia soziala, Lleidak lurralde oreka, Tarragonak aurrerabidea eta Bartzelonak askatasuna. 

Ada Colau Bartzelonako alkateak eta Artur Mas Generalitateko presidente oihak ekitaldietan parte hartu dute —Mas presidente gisa ez zen inoiz joan, orain azaldu duenez ez zelako komenigarria—. Carles Puigdemont Kataluniako presidentea Salteko manifestazioan izan da.

Diadako ekitaldietan izan dira alderdi abertzaleetako kideak, eta baita Gure Esku Dago-ko kideak ere. Hain justu, azken horrek oharra kaleratu du, katalanei elkartasuna azalduz eta bidelagun izateko prestasuna eskainiz: "Une ezin hobea da Kataluniaren eta Euskal Herriaren arteko elkartasuna estutzeko eta elkarren arteko konplizitateak gehitzeko".

Katalunian aurrera doa bidea. Eta Diadaren leloa bide horretatik doa. Endavant Republica Catalana. Un onze guanyador. Aurrera Errepublika katalana. 11 irabazlea. Aurtengo Diada "denona" izan dela, "plurala eta bateratzailea", uste du Jordi Sanchez ANCko kideak. ANCko presidentearen hitzetan, alde bakarreko erreferenduma ez da izango "elementu zentrala", baina "prozesuarekiko konpromisoa" exijituko da.

Jordi Cuixart Omnium Culturaleko kideak, berriz, "demokrata katalan" guztiak deitu ditu manifestaziora.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.