Espainiako fiskaltzak Pablo Llarena epaileari esan dio eska diezaiola Europako Legebiltzarrari Carles Puigdemont eta Toni Comin eurodiputatuen immunitatea eteteko. Horrez gain, fiskalak epaileari eskatu dio eusteko ordezkari katalanen aurkako euroaginduei, nahiz eta onartu Belgikako epaileari esan behar diola ezin duela erabakirik hartu Europako Legebiltzarrak bere bi kideen inguruan ebatzi arte.
Idatzian, fiskaltzak epaileari esan dio Puigdemont eta Comin ihes eginda daudela, eta gogoratu dio haien kontrako behin-behineko espetxe agindua dagoela.
Europako Justizia Auzitegiak irmo erantzun zion joan zen astean Oriol Junquerasen defentsaren eskariz Espainiako Gorenak egindako galderari. Epaiaren arabera, maiatzeko bozetan eurodiputatu aukeratu zuten unetik beretik sartu zen indarrean haren lege babesa, eta, beraz, indargabetu egin behar zuten haren aurkako behin-behineko espetxealdia. Hori bete izan balitz, Junquerasek eurodiputatu akta hartu ahal izango zukeen maiatzean bertan; izan ere, epaiketa ekainaren erdialdean amaitu zen, eta horren epaia urrian jakinarazi zuten. Tarte horretan, Kataluniako presidenteorde kargugabetuak ez zuen oraindik zigorra jaso.
«Mugimendurako immunitateak indargabetu egiten ditu hari ezarritako behin-behineko zigor neurriak, Europako Parlamentura joateko askatasuna izan dezan. Beraz, haren estatuko epaitegiek irizten badiote beharrezkoa dela behin-behineko neurriei eustea, immunitatea kentzeko eskatu beharko diote Europako Parlamentuari», zehazten du ebazpenak.
Junquerasen aldeko ebazpena eman ondoko biharamunean, ostiralean, Europako Legebiltzarrarera joan ziren Puigdemont eta Comin, eta behin-behineko akreditazioak jaso zituzten.