Independentziarako prozesua azkartu behar dela uste du Kataluniako presidente Carles Puigdemontek, Katalunia jasaten ari den erasoei aurre egiteko."Iraingarria" iruditzen zaio Diaz Fernandez azalpenak ematera behartua ez izatea "instituzio demokratikoak legez kanpo eta gehiegikeriaz erabiltzeagatik", eta era berean, epaiketa baten atarian egotea Artur Mas, Joana Ortega eta Irene Rigau "justuki ariketa demokratiko bat ahalbidetzeagatik".
Fernandez Diazen eta Daniel De Alfonso Kataluniako iruzurraren kontrako bulegoko buruaren grabazioen filtrazioek "estatuaren estoldak" agerian uzten dituztela uste du, eta "eskandalua" da independentismoa desprestigiatzeko ustelkeria kasuak fabrikatu nahi izatea, "aurkari politikoen kontra estatua baliatzen baitute".
Egoerari aurre egiteko bide bakarra ikusten du Puigdemontek: "Zer egin dezakegu? Lehenbailehen joan behar dugu, horrelako estatu baten barruan ezin dugulako luzaroan iraun".
Atzo jakinarazi zuten Generalitateko presidente ohi Mas, Presidenteorde ohi Ortega eta Hezkuntza kontseilari ohi Rigau epaitzeko arriskuan daudela. Kataluniako Auzitegi Goreneko epaileak desobedientzia eta prebarikazioa leporatzen dizkiete, 2014ko azaroaren 9ko galdeketa antolatzeagatik. Defentsak eta Fiskaltzak helegiteak aurkezteko epeak igaro ostean hasiko litzateke epaiketa.
Puigdemontek ez ezik, Bartzelonako alkate Ada Colauk ere egin du auzipetzearen inguruko balorazioa. Masen, Ortegaren eta Rigauren aldeko defentsa egin du, eta esan du "lotsa" sentitzen duela "ekintza demokratikoak jazartzen eta ministro konspiratazaileak babesten dituen estatuarenganako".
De Alfonso, kargugabetua
Hain justu Daniel De Alfonso iruzurraren kontrako burua kargugabetu dute Kataluniako Legebiltzarrean. PP alderdia bakarrik geratu da, gainerako alderdiek kargutik kentzearen aldeko botoa eman baitute. 121k alde egin dute, eta soilik 11k kontra. Alderdiek bat egin dute esaterakoan Fernandez Diazen eta De Alfonsoren arteko elkarrizketak ez dituela inork ukatu, eta beraz, gertatu zirela. Ciudadanoseko bozeramaile Carlos Carrizosaren arabera, "De Alfonsok ministro batekin trapu zikinei buruz hitz egiteak inhabilitatu egiten du iruzurraren kontrako bulegoko buru izateko".
Junts pel Sik, CUPek, Ciudadanosek eta PSCk uste dute bere karguaren parte diren "erreserba eta konfidentzialtasun eskubideak urratu" dituela De Alfonsok.
Eskozia eta Katalunia
Brexit-a, Eskozia eta Katalunia. Hiru gaiak izan dira polemika iturri Kataluniako Gobernuaren eta oposizioaren artean, gaurko kontrol saioan. Puigdemontek ohartarazi du Europako Batasunak Kataluniaren eta Eskoziaren gisako autodeterminazio prozesuei buruzko ikuskera "erabat aldatuko" dela. Presidentearen ustez, Eskoziak EUko kide izateari uko ez egiteko eskaerari eutsiko dio, eta erreferendumera berriz deitzeko erabaki irmoa dauka. Brexit-aren garapenari adi begiratu behar zaiola uste du Puigdemontek, ekonomiaren ikuspuntutik "zartako izugarria" bada ere, inplikazioak harago doazela uste baitu.
Ines Arrimadas Parlamenteko Ciudadanoseko buruak egindako galderari erantzunez egin ditu adierazpenok Puigdemontek. Arrimadasek galdetu dio ea Brexit-a oraindik aukera gisa ikusten duen, batez ere ikusi ostean Eskozia EUtik kanpo geratuko dela.