Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak ez du asmorik bihar Madrilera joateko. Espainiako Auzitegi Nazionalera joateko deia egin dio Carmen Lamelak, matxinada, sedizioa eta diruaren erabilera okerra leporatuta. Puigdemontek, atzo, Bruselan jakinarazi zuen "epaiketa justurako bermerik" ezean ez dela handik itzuliko. Haren abokatuak gaur jakinarazi du, berme horiek ez daudenez, ez dela joango auzitegira.
"Nahiko agerikoa da nire bezeroak zer gertatuko den so gelditzeko jarrera hartuko duela orain", esan du Paul Bekaert abokatu belgikarrak, NOS hedabide holandarrean egin dioten elkarrizketan.
Bekaert abokatuak geroago AP berri agentziari egin dizkion adierazpenetan esan du Puigdemont Belgikan galdekatzeko aukera badagoela, eta hala egiteko eskatu duela. "Legeak ematen du horretarako aukera". Ez dute asilo eskubidea eskatzeko asmorik, baina estradizio eskaeraren bat balego haren kontrako neurriak hartuko dituztela jakinarazi zuten atzo. Puigdemontekin batera Bruselan dira Meritxell Borras, Meritxell Serret), Toni Comin eta Clara Ponsati Kontseilariak.
Bestalde, Jaume Alonso-Cuevillas Puigdemonten eta beste sei Kontseilariren Bartzelonako abokatuak esan du ez lukeela segurutzat joko bihar Madrilen deklarazioak hartzeko antolatutako saioak egingo direnik, zitazioa Kontseilari bakar batek jaso duelako. Josep Rull Lurralde Kontseilaria da zitazoa jaso duen bakarra, eta atzo jaso zuen, 22:44ean. Hala ere, adierazpen horiek egin ostean jaso dute zitazioa hainbat Kontseilarik, beraiek berri eman dutenez.
A les 10.30h d’avui he rebut la citació per ser en menys de 24h a l’Audiencia Nacional. Estat de Dret. La consciència molt tranquil.la.
— Jordi Turull i Negre (@jorditurull) 2017(e)ko azaroak 1
Kataluniako Legebiltzarreko Mahaiko kideek, bai, haiek jaso dute zitazioa. Mossoak legebiltzarrean izan dira, eta bihar eta etzi Auzitegi Gorenera joateko deia eman diete. Carmen Forcadell, Lluis Corominas, Lluis Guino, Anna Simo, Ramona Barrufet eta Josep Nuet mahaiko kideak abokatuekin elkartu dira, eta joan egingo direla baieztatu dute.
Atzo jakin zen Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak onartu egin duela Espainiako Fiskaltzak Carles Puigdemont Generalitateko presidentearen eta bere gobernuko kontseilarien aurka jarritako kereila, eta ostegunean eta ostiralea deitu dituela Espainiako Auzitegi Nazionalera deklaratzera. Matxinada, sedizioa eta diruaren erabilera okerra leporatzen die fiskalak.
Epaitegi Gorenean jarri zuen Fiskaltzak Kataluniako Parlamentuko mahaiko kideen aurkako helegitea, horietako ia denak forudunak direlako. Izan ere, parlamentua desegin badute ere, diputazio iraunkorreko kide izaten jarraitzen dute. Horiek ostegunean deklaratu beharko dute. Generalitateko kideen kasuan, ordea, ustezko delitua karguan zeudela gertatu bazen ere, behin kargugabetuta forudun izaera ere galdu dutela iritzio dio Fiskaltzak, eta horregatik jarri du kereila Auzitegi Nazionalean.
Kereila jartzeko unean Carmen Lamela epailea zegoen goardian, besteak beste, Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez Omnium eta ANCko buruak eta Altsasuko gazteak espetxeratu dituen epailea. Fiskalak eskatu bezala, "ahalik eta azkarren" deitu ditu deklaratzera (azaroak 1 jai eguna da Espainian ere). Carles Puidemont presidentea eta Generalitateko hamahiru kontseilari deitu ditu.
Auzitegi Nazionalak eta Epaitegi Gorenak deklaratzera deitzeko idatzi zuten aginduan iragarri dute Generalitateko kideak eta Parlamentuko mahaiko kideak deklaratzera joaten ez badira atxilotzeko eskatuko dutela. Kereilak aurkeztu zituenean Jose Manuel Maza fiskalak esan zuen "oraingoz" ez zuela eskatuko kautela neurririk, baina ez zuen baztertu deklarazioa hartzeko garaian ere eskaera hori luzatzea egitea, Cuixarten eta Sanchezek kasuan egin zuen bezala. Une honetan, Bruselan daude Generalitateko kideak atxilotzeko inongo eskaerarik ez dago.