Katalunia

Puigdemontek eta ERCk akordioa itxi dute Parlamentuko Mahaia osatzeko

Bruselan bildu dira bart Generaliateko burua eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusia.

Puigdemont, Bruselan, abenduko hauteskundeen biharamunean. MARTA MERINO GOMEZ, EFE
arantxa elizegi egilegor
2018ko urtarrilaren 10a
11:59
Entzun

Belgikako hiriburuan elkartu ziren bart Junts per Catalunyako buru Carles Puigdemont eta ERCko idazkari nagusi Marta Rovira. Bilerarako gaia, berriz, bakarra: nola jokatu datorren asteazkenean egitekoa den parlamentuaren osaketan.

Zenbait iturrik aurreratu dutenez, akordioa lortu zuten bi aldeek gehiengo subiranista izango lukeen Parlamentuko Mahaia osatzeko, eta Puigdemont bera Generalitateko presidente izendatzeko aukeraz ere hitz egin dute. Oraindik argi ez dagoena da nola egingo duen hark karguaren zina. Bi aukera leudeke mahai gainean: telematikoki egitea eta ordezkari bat izendatzea kargu hartzea haren ordez egin dezan.

Parlamentuko Mahaiaren osaketari dagokionez, berriz, gehiengo independentista izango litzateke bertan, eta, beraz, batzordetik kanpo geratuko litzateke Catalunya en Comu alderdia. Zenbait iturriren arabera, ERCkoa izango litzateke mahaiko presidentea.

Mahaiaren esku legoke Puigdemonten balizko kargu hartze telematikoa baimentzea ere. Aurretik, hala ere, abokatuekin kontsulta egin beharko du ERCk. Horiek ohartarazia dute Espainiako Konstituzionalak aukera hori baliogabetu dezakeela.

Artur Masek PDeCATeko buruzagitza utzi eta ordu gutxira heldu da akordioaren albistea. Atzo arratsaldean eman zuen Masek erabakiaren berri, eta argudiatu zuen "proiektua zabaltzea errazteko" eman zuela pausoa.

Urtarrilaren 17an egingo dute Katalunian Parlamentua osatzeko saioa, eta, handik bi aste eskasera, 31n izango litzateke inbestidurari buruzko lehen eztabaida saioa.

Espetxe aldaketa

Konstituzionalak aske uzteko eskaera atzera bota ostean, Oriol Junqueras ERCko buruaren abokatuek hura Kataluniako espetxe batera eramateko eskaera aurkeztu dute auzitegietan. Eskaeran argudiatu dute hori dela modu bakarra diputatu gisara parlamentua osatzeko saioan eta presidentearen inbestiduran pare hartu ahal izateko.

Hain zuzen ere, Generalitatea indargabetzeko ahalbidetutako 155. artikuluaren aurka En Comuk jarritako helegitea tramitera onartu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.