Gazteleraz idatzitako bi orrialdeko gutuna igorri dio Puigdemontek Rajoyri —beste bi orritan dokumentazioa atxiki dio—. Argi esan dio, elkarrizketa eskaini zionean, gauzak konpontzeko borondate argiarekin egin zuela, eta eutsi egiten diola eskaitza horri. "Konponbidea topatu nahi dugu eta ez aurrez aurrekoa". Datozen bi hilabeteetan hitz egiteko deia egin dio, "negoziazioaren bidearen alde agertu diren nazioarteko, Espainiako eta Kataluniako pertsonalitate eta instituzioek hura arakatzeko aukera izan dezaten". Proposamena "egiazkoa eta zintzoa" dela azpimarratu du.
Bi eskaera nagusi egin dizkio:
-Eten dezala errepresioa. Gaur bertan Espainiako Auzitegi Nazionalera ikertu gisara deklaratzera deituta daude Jordi Sanchez ANCko presidentea eta Jordi Cuixart Omnium Culturalekoa eta Josep Luis Trapero Mossoen burua. Hainbat oinarrizko eskubide ere urratuta dituztela ekarri dio gogora.
-Bilerarako eguna jartzea. Lehen akordioak egin ahal izateko, eta negoziaketei eusteko.
Hainbat datu eman dizkio Pugidemontek Rajoyri Kataluniako herritarren eskaera sendoa dela frogatzeko. Gogora ekarri dio urriaren 1eko erreferendumean bi milioi Katalan baino gehiagok adierazi zutela independentziarako nahia, nahiz eta erreferenduma balitza kaxkarretan egin zen; gogora ekarri dio horren aurretik hauteskunde plebiszitario gisara egin ziren boz autonomikoetan independentziaren alde agertu zirela %47,7 —eta kontra %39,1—. Gainera, akordatu arazi dio, Kataluniako herritarren %80k afera erreferendum adostu baten bidez konpondu nahi duela.
"Errealitatea onartzea da gauzak bide onetik konpentzeko lehen urratsa", esan dio.
155. artikulua
Autonomia etetea ahalbideratzen duen 155. artikulua aplikatu aurreko tramite gisara egin zion galdera Mariano Rajoy Espainiako Gobernuburuak Puigdemonti. Joan den astean legebiltzarrean egin zuen agerraldian independentzia deklaratu zuen edo ez argitzeko eskatu zion eta gaur goizeko 10:00ak arterako epea eman zion horretarako. Bigarren epe bat abiatzen zen ordua: erantzuna baiezkoa baldin bazen, atzera egiteko aukera ematen zion ostegun goizeko 10:00ak arte. Erantzun argirik eza baiezko gisara hartuko zuela jakinarazi zuen, eta beraz, ostegunerarteko epe hori jarriko da abian orain.