Josep Rull JxCko parlamentariak jakinarazi du albistea gaur goizean. Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuak inbestidura saioan parte hartzeko baimena eskatuko dio Espainiako Justiziari. Era horretan, Auzitegi Konstituzionalak Generalitateko presidentetzarako hautagai aurkeztu ahal izateko ezarri dizkion baldintzak betetzen saiatuko da.
Auzitegi Konstituzionalaren arabera, Puigdemontek aukera du inbestidura saioan hautagaitza aurkezteko, baina horretarako Kataluniako Parlamentuan egon beharko duela zehaztu zuen. Hau da, auzitegiak ohartarazi du Puigdemonten inbestidura telematikoki edo ordezko parlamentari baten bidez egitea legez kontrakoa litzatekeela.
Kataluniako Parlamentuak hurrengo asteartean egingo duen osoko bilkuran parte hartu ahal izateko, Puigdemontek epailearen baimena lortzea ezinbesteko jo du auzitegiak.
Bestalde, Konstituzionalak ez du erabaki Espainiako Gobernuaren helegitea tramitera onartzen duen ala ez. Tramitera onartuko balu behin behinekoz indargabetuko luke Puigdemonten hautagaitza, baina auzitegiak ekidin egin du egoera hori. Hain justu, Puigdemonten hautagaitza eragotzi dezala eskatu dio Espainiako Gobernuak Konstituzionalari, ostiralean iragarri zuen helegitean.
Rull JxCko parlamentariaren esanetan, Konstituzionalak "zaplaztekoa" eman dio Rajoyren gobernuari, atzoko erabakiarekin. Hala ere, auzitegiak Puigdemonti ezarri dizkion baldintzak "ordenamendu juridiko sendo batean" tokiz kanpokoak direla salatu du.
Rullen esanetan, Puigdemont presidente izendatzea da azken hauteskundeetako emaitzak betearazteko modu bakarra. "Demokrazia negoziatzen baldin badugu, nazio bezala ez dugu etorkizunik".
Espainiako Gobernuak, berriz, ontzat eman du Konstituzionalaren erabakia, inbestidura telematikoki edo ordezko parlamentari baten bitartez egitea debekatu duelako. Era horretara, "lege iruzurra" egitea eragotzi du auzitegiak, Madrilen esanetan.
CUPek batzar konstituziogilea iragarri du
Carles Riera CUPeko parlamentariak adierazi duenez, bere alderdiak akordioa lortu du JxCrekin eta ERCrekin batzar konstituziogile bat abian jartzeko.
Kataluniako Parlamentuko eta udaletako ordezkariek osatuko lukete batzarra, eta helburu izango luke herritarren artean eztabaida sustatzea Kataluniarentzako nolako konstituzioa nahi duten hausnartzeko. Eztabaida horren bitartez Kataluniarentzako konstituzio proposamen bat osatzea litzateke asmoa.
Rieraren esanetan, "norabide onean" ari dira lanean JxCekin eta ERCrekin, baina oraindik "urrun" ikusten du itun bat lortzeko aukera.
Astelehenean, Catalunya en Comurekin bilduko da CUP. Rieraren iritziz, alderdi horrek ados behar luke prozesu konstituziogile bat abiatzearekin.