KATALUNIA

Puigdemontek jakinarazi du lanean ari dela legebiltzarrera bueltatzeko

Zoido Espainiako Barne ministroak, berriz, esan du presidentegaiaren itzulera ahal bezala eragozten ahaleginduko direla, "auto baten maletategian ere sar ez dadin".

Legebiltzarreko mahaiaren bilera, gaur. ALEJANDRO GARCIA, EFE
Oihana Elduaien - Igor Susaeta
2018ko urtarrilaren 23a
13:02
Entzun

Danimarkako Parlamentuko bederatzi diputaturekin Kopenhagen bildu ondoren, agerraldia egin du JxC Junts Per Catalunyak eta ERCk Generalitateko presidentetzarako adostutako hautagaiak. Haren esanetan, itzultzen uzten badiote, "lehen pausoa" emango da Espainian "berrezartze demokratikoa" gerta dadin. Hori gauzatzeko "ekarpenik onena" litzateke, presidentegaiaren ustez, berak "beldurrik gabe eta atxilotua izan gabe" bueltatu ahal izatea. Horrek modua emango luke Espainiako Gobernuarekin "elkarrizketa prozesu ezinbesteko bat" hasteko. Madrili eskatu dio, bide batez, errespetatu ditzala abenduaren 21eko hauteskundeetako emaitzak.

Puigdemonten botoa delegatzeko eskaera bertan behera utzi du JxCk gaur goizean. Kataluniako Parlamentuko Mahaiak oraindik ere ez du erabaki erbesteratuta dauden beste lau diputatuek (Toni Comin, Meritxell Serret, Lluis Puig, Clara Ponsati) botoa delegatzeko egindako eskaera onartu ala ez. Kataluniako gobernuburuaren inbestidura saiorako data ez dute zehaztu oraindik, baina hilaren 31n egingo dute beranduenez. Preso daudenei —Oriol Junqueras, Joaquim Forn eta Jordi Sanchez— inbestidura saiora joateko baimenik ez die eman Llarena epaileak, baina botoa delegatzekoa bai. Hala egin zuten parlamentua osatu zuten egunean, pasa den asteazkenean. Puigdemont eta Roger Torrent parlamentuko presidentea bihar dira biltzekoak, Bruselan.

Espainiako Auzitegi Gorenak hala aginduta, Puigdemont atxilotu egingo dute bueltatzen baldin bada, urriaren 1eko erreferendumaren harira sedizioa, matxinada eta diru publikoaren erabilera okerra leporatzen zaizkiolako eta ez duelako  Llarena epailearen aurrean deklaratu.

Puigdemontek eskaera erretiratzeak zer esan nahi duen ez dago argi. Momentuz, baina, inbestidura bera baino lehen saioa inpugnatzeko aukera kendu dio Espainiako Gobernuari. Kopenhagen dago, eta Llarena epaileak Danimarkari hura atxilotzeko eskaerarik ez egitea erabaki zuen atzo, uste duelako horixe eragin nahi izan zuela presidentegaiak, atxilotuz gero bere botoa delegatzeko aukera izango lukeela pentsatuta.

Izan ere, geroago ere eska dezake Puigdemontek botoa delegatzeko aukera, eta Kataluniara ere itzul daiteke. Hain justu, JxC eta ERCren presidentegaia legebiltzarrera ezkutuan iristeko aukera saihestu nahi du Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak, eta jakinarazi du ondo zainduta dauzkatela mugak, autoetako maletategian begiratzeraino. "Oso kezkatuta gaude, ez dakigulako zer egin dezakeen", esan du Antena3en egin dioten elkarrizketa batean: "Horregatik, aukera guztiak aurreikusten saiatzen ari gara, haiek eragozteko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.