Quim Torra izango da presidentetzarako hautagaia. Hala jakinarazi die gaur arratsaldean Carles Puigdemontek Marta Pascal PDeCATeko koordinatzaileari, JxCeko bozeramaile Eduard Pujoli eta Roger Torrent Legebiltzarreko presidenteari, besteen artean. Gero, Alemaniatik internetez zabaldu duen mezuan jakinarazi du JxC talde parlamentario osoaren proposamena dela, eta "behin-behineko presidente" izateko proposamena dela. Eskubide urraketa salatu du, eta elkarrizketarako deia egin du berriz ere. Egoera desblokeatzeko, arduraz jokatzeko deia egin du. Txio bat ere idatzi du, Torrari eskerrak emanez:
Tenim l'oportunitat de desplegar el mandat de l'#1oct i construir el país de llibertats i drets que milions de persones estan reclamant. @QuimTorraiPla, t'agreixo personalment l'esforç i el sacrifici d'assumir el càrrec en unes circumstàncies tan extremes https://t.co/fca7OvbSoE
— Carles Puigdemont 🎗 (@KRLS) 2018(e)ko maiatzaren 10(a)
Maiatzaren 22rako presidentea aukeratzen ez badute hauteskundeak egitera behartuta daude Katalunian. Saiatu dira Carles Puigdemontekin, saiatu dira Jordi Sanchezekin eta saiatu dira Jordi Turullekin ere, baina Espainiak ez die ametorik eman haiei. Auzipetuta daude hirurak process deituagatik, aurrena Alemanian dago, erbestean, eta beste biak preso. Hautagai garbi bat behar zuten, eta gaur iragarri du Puigdemontek berea: Quim Torra. JxCko diputatua, abokatua, idazlea eta editorea. Omnium Culturaleko presidente ere izan zen Muriel Casals ustekabean hil zenetik Jordi Cuixart aukeratu zuten arte. Puigdemonten konfiantzazkoa da, eta haren zilegitasuna defendatu izan du behin eta berriz. Hainbat iturriren arabera, gainera, ez da gaizki moldatzen CUPeko kideekin.
Torrak ERCren babesa izango duela aurreikusten da, eta beraz, ez luke arazorik izan behar hura aukeratua ateratzeko. Torrentek bilera erronda abiatuko du bihar, telefonoz, eta horren ostean egingo dute inbestidura ekitaldia. CUP abstentzioaren alde agertu izan da, baina igandean egingo dute azken erabakia hartzeko batzarra. ERCk bere babesa eta konfiantza dituela jakinarazi dio Torrari, txio batean.
El nostre agraïment al president @KRLS i tot el nostre suport i confiança a @QuimTorraiPla. Sort i encerts! https://t.co/3RUE417zSE
— Esquerra Republicana (@Esquerra_ERC) 2018(e)ko maiatzaren 10(a)
Eta baita Oriol Junquerasek ere.
Sort i encerts @QuimTorraiPla!
— Oriol Junqueras 🎗ï¸Â (@junqueras) 2018(e)ko maiatzaren 10(a)
Atzo indargabetu zuen Puigdemont telematikoki inbestitzeko aukera Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Horretarako aukera ematen zuen Presidentetza Legearen erreforma bat onartu zuen Kataluniako Legebiltzarrak, baina Espainiako Gobernuak hari jarritako helegitea tramiterako onartuta, automatikoki indargabetuta geratu da moldaketa, eta, hortaz, erbestean dagoen presidente hautatua inbestitzeko aukera. Konstituzionalak aho batezko erabaki du tramiterako onartzearena, baina neurria behin-behinekoa da. Konstituzionalak bost hilabeteko epea dauka orain lege moldaketa guztiz indargabetzen duen ala helegitea baztertzen duen erabakitzeko. Nolanahi ere, azkenean erreforma ontzat emango balu ere, beranduegi da.