Gasteizek Kataluniako egoerari buruzko mahainguruan bilduko ditu, ostiralean, Jaume Alonso-Cuevillas Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuaren abokatua eta Katalunian bizi den Gorka Knorr kantautore euskalduna. Lluis Llach musikari kataluniarra ere bertan izatekoa zen, baina azken orduko agenda arazoak medio ezin izango da solasaldian egon.
Mahainguruaren aurretik, 20S dokumentala proiektatuko dute, 2017ko irailaren 20an Bartzelonan izan ziren gertakarien gaineko lana. Egun horretan hamabost lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak, urriaren 1eko erreferenduma prestatzea egotzita; Generalitateko goi kargudunak, tartean.
Solasaldia eta proiekzioa Salburuako gizarte etxean egingo dituzte, 19:00etatik aurrera —18:30ean irekiko dituzte ateak—.