Katalunia

Puigdemonten eta Cominen boto delegatuari eutsi dio Konstituzionalak

Espainiako auzitegiak tramitera onartu du Ciudadanosek Carles Puigdemonten eta Toni Cominen boto delegatuaren kontra aurkeztutako helegitea. Aldiz, ez du kautelezako neurririk hartu, eta mantendu egingo du bi diputatu erbesteratuek urrunetik bozkatzeko duten aukera.

Toni Comin (ERC) eta Carles Puigdemont (JxC) diputatu erbesteratuak, iazko azaroan, Bruselako ekitaldi batean. STEPHANIE LECOQC, EFE
2018ko maiatzaren 8a
08:52
Entzun

Carles Puigdemont eta Toni Comin diputatu erbesteratuek boto delegatu bidez bozkatzeko aukera izango dute Kataluniako Parlamentuaren hurrengo saioetan. Konstituzionalak eutsi egin dio bi diputatuek urrunetik bozkatzeko eskubideari, nahiz eta tramitera onartu duen Ciudadanosek aukera horren kontra aurkeztu duen helegitea. Helegitea onartu izanagatik, auzitegiak ez du kautelazko neurririk hartu.

Ciudadanosek helegitean galdegin zion auzitegiari Puigdemonten eta Cominen boto delegatua indargabetu zezala, baina epaileek erantzun diote ez dagoela horretarako oinarri juridikorik, ez baita legeak eskatzen duen "salbuespenezko larritasunik" atzematen.

Kataluniako Parlamentuko mahaiak apirilaren 3an eta 24an onartu zuen Comini eta Puigdemonti botoa delegatzeko aukera aitortzea, eta erabaki horiek legez kanpokoak direla salatu zuen Ciudadanosek. Segidan, Espainiako Gobernuari galdegin zion mahaiaren erabakien kontrako helegitea aurkezteko, baina Madrilek ez du halako neurririk hartu. Mariano Rajoyren gobernuak helegitea aurkeztu balu eta Auzitegi Konstituzionalak hura tramitera onartu izan balu, Cominen eta Puigdemonten botoa delegatzeko aukera automatikoki indargabetzea eskatzeko aukera izango zuen gobernuak. Eskumen hori Espainiako Gobernuarena da soilik.

Konstituzionalaren erabakiak zuzenean eragin diezaioke Katalunian presidente bat izendatzeko prozesuari. Izan ere, Junts per Catalunyak eta ERCk nahitaezkoak dituzte Puigdemonten eta Comienen botoak, CUPen abstentzioarekin hautagai bat inbestitu ahal izateko.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.