Katalunia

Puigdemonten eta lau kontseilarien deklarazioa abenduaren 4ra atzeratuko da

Generalitateko bost ordezkarien defentsaren abokatuak denbora gehiago eskatu du alegazioak aurkezteko, eta epaileak onartu egin du deklarazio saioa abenduaren 4ra atzeratzea. Belgikako Fiskaltza euroagindua betetzearen alde agertu da, baina baztertu egin du ustelkeria delituari lotutako estradizio eskaria. Goizean, Rajoyk bilera izan du Belgikako lehen ministroarekin.

Belgikako auzitegian, prentsa, Puigdemont eta kontseilariak irteteko zain. JAVIER ALBISU, EFE
arantxa elizegi egilegor
2017ko azaroaren 17a
15:51
Entzun

Abenduaren 4an deklaratuko dute Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak eta harekin Bruselan diren Antoni Comin, Clara Ponsati, Lluis Puig eta Meritxell Serret Generalitateko kontseilariek. Haien kontrako euroaginduri buruz erabaki behar duen epaileak onartu egin du defentsaren abokatuen eskaria, eta deklarazio saioa atzeratu du alegazioak prestatzeko denbora gehiago izan dezaten. Abenduaren 4an deklaratu ostean, hamabost eguneko epea izango du epaileak Puigdemont eta kontseilariak Espainiaren esku utzi ala ez erabakitzeko. Ebazpena Kataluniako hauteskunde kanpainan hel daiteke, beraz.

Belgikako Fiskaltza euroagindua betetzearen alde agertu dela azaldu du Jaume Alonso-Cuevillas Puigdemonten abokatuak. Haren esanetan, fiskaltzak baztertu egin du ustelkeria delituarekin lotutako estradizio eskaria, eta adierazi du gainontzeko akusazioak Belgikako legediarekin bateragarriak diren ala ez aztertuko duela. Zehazki, leporatzen zaizkien delituak funtzionarioen koalizio delituarekin bat datozen aztertuko du. Hainbat kargudun publikok lege bati aurka egiteko elkarlanean jardutea barne hartzen du funtzionarioen koalizioak.

Espainiako espetxeei buruzko informazioa eskatu dio azken egunotan Bruselak Madrili, hango bizi baldintzei buruz galdetzeko eta euroagindua onartuz gero goi kargudunak nora eramango lituzketen zehazteko eskatzeko. Juan Igancio Zoido Barne ministroak berak jakinarazi duenez, Estremerara bidaliko lituzteke Puigdemont, Puig eta Comin —han daude Oriol Junqueras presidenteordea eta gainontzeko gizonezko kontseilariak ere—, eta Alcala-Mecora Serret eta Ponsati —han daude Meritxell Borras eta Dolors Bassa—.

Espainiako Auzitegi Nazionalak sedizioa, matxinada eta diru publikoaren erabilera bidegabea leporatzen dizkie Kataluniako Gobernuko bost kideei. Bostak Belgikan dira urriaren 30az geroztik, eta baldintzapean aske daude azaroaren 5etik.

Auziaren ezaugarriek zalantzan jar dezakete euroagindua. "Ez dira gaizkileak. Mandatu politiko batean oinarrituta erreferendum bat antolatu duten pertsonak dira", zehaztu du Denis Bosquet abokatuak, eta horren harira Espainiako erregeak egindako adierazpenak kritikatu ditu: "Belgikako erregeak halako adierazpenak egingo balitu, arazo larriak edukiko lituzke. Gainera, hemen pentsaezina litzateke Justiziak gatazka politiko batean esku hartzea".

Belgikako Justiziak erabaki dezake euroagindua ez onartzea, frogatuko balitz euren ideia politikoengatik epaituko dituztela edo Espainian euren oinarrizko eskubideak urratzeko arriskua dagoela. Hori dela eta, Madrilek zehaztu behar izan dio Bruselari Puigdemontek abokatuarekin harremanetan jarraitu ahalko duela espetxean ere.

Rajoy, Michelekin

Europako Batasuneko estatuburu eta gobernuburuen goi bilera hasi baino minutu batzuk lehenago bildu da Mariano Rajoy Belgikako lehen ministro Charles Michelekin. Iturri ofizialek adierazi dutenez, bileran ez dute hitz egin Puigdemonten aurkako prozesuaz, ez eta euroaginduaz ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.